'Edadeak ez zaitu Hiesetik babesten. Preserbatiboak bai'

z 2006-11-28 01:00

Osakidetzaren kanpainea HIESaren kontrako nazinoarteko egunagaz bat dator, izan be, abenduaren 1ean ospatuko da gaixotasun honen kontrako eguna eta aurten 25 urte beteten dira HIESaren lehen kasuak agertu ziranetik.

Osakidetzaren aurtengo kanpainearen leloak datu bi nabarmentzen ditu: edadea eta preserbatiboa. Danetara, 133 lagun kutsatu dira GIB birusagaz Euskal Autonomia Erkidegoan urteko lehen hamar hilabeteetan eta gehienak, % 60, 35 urtetik gorakoak dira. Kutsatuen % 72 gizonak dira eta % 28, emakumeak. Bestalde, hartu-emon heterosexualen bidezko kutsatzeak izan dira nagusi, % 52, hain zuzen; hartu-emon homosexualen bidez % 25 kutsatu dira eta % 18, azkenik, batek baino gehiagok xiringa bera erabilita.

Gabriel Maria Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurtengo kutsatuen datuak arduratzeko modukoak dirala esan dau, izan be, urtea amaitzen danean 155 kasu egotea espero da, igaz bezela. ‘133 kasu asko dira, gehiegi, eta ez gara kopuru hori gitxitzeko kapaz’.

Inclanek Hiesaren birusa prebeniduteko Osakidetzaren kanpainea aurkeztu dau eta datozen bi asteetan herritarrei helarazoko deutsen mezua ondokoa izango da: 'Edadeak ez zaitu Hiesetik babesten. Preserbatiboak bai'.

Sailburuak adierazo dauenez, prebentzio kanpaina gehienak persona gazteei zuzenduta dagoz, ‘baina oraingoan, helduek be hartu-emon arriskutsuak dabezala eta GIBagaz kutsa daitekezala erakutsi nahi da’.

Inclanen eretxiz, 35 urtetik gorako persona batek babesik barik harreman sexualak izateko arrazoia ‘arriskuaren pertzepzino faltea da, ez dogu lortu sinistarazotea gaixotasuna batez be harreman heterosexualen bidez transmitiduten dala, ez dala talde marjinalen kontua bakarrik’, azpimarratu eta, esangura horretan, preserbatiboaren erabilerearen alde egin dau.

Ekimen honetan, kanpainea ezagutzera emoteko egindako karteletan, homosexualei aitamena egiten jaken lehenengo aldia da, ‘gay taldeak be arduratuta dagozalako eta modu honetan jokatzeko eskatu deuskuelako. Homosexualen artean kondoia gero eta gitxiago erabilten da’, zehaztu dau Inclanek.

Kanpainea, HIESaren kontrako nazinoarteko egunagaz bat dator, izan be, abenduaren 1ean ospatuko da gaixotasun honen kontrako eguna eta aurten 25 urte beteten dira HIESaren lehen kasuak agertu ziranetik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu