Gernikako Urriko Azken Astelehenaren ingurumarian
2006-10-30 01:00 BertsolaritzeaUrriaren 30a, urriko azken astelehena da batez be Gernikan. Beste behin bertsoa, euskal giroa eta juergea beti alkar hartuta doazela ikusteko, hemen daukazue Gernika eta Gernika inguruko hiru bertsolari gazteren beharra
Urriaren 30a, urriko azken astelehena da batez be Gernikan. Beste behin bertsoa, euskal giroa eta juergea beti alkar hartuta doazela ikusteko, hemen daukazue Gernika eta Gernika inguruko hiru bertsolari gazteren beharra:
Aurten Urriak hogeita hamar 
jarrita daukagu zita 
sagardo eta taloarekin 
danok bete guran tripa 
txapela eta abarkak jarri 
eta plazara bisita 
aurten be sasi baserritarrez 
bete behar da Gernika! 
Jende aurretik apurka heldu 
gara Arrano aurrera 
Injaba gazta edo piperrak 
erosteko_azken aukera 
kuadrilako bat joan omen da 
sagardoa erostera 
gu geu bagoaz parrandara ta 
baserritarrak lanera 
Ander Elortegi Garatea
Urriko azken astelehena 
ez da hain egun bitxia 
Urtean baten emon gurean 
baserriari bizia 
Txoznak, postuak... mila produktu 
ze azoka berezia!! 
Baina egun baten ez da konpontzen 
baserriaren krisia 
Dana txaloa, dana saria 
dana mosu ta lorea 
Itxura baten saritzen dira 
lana eta adorea 
Beittu piperrak, beittu han urrun 
ze "aldeana" dotorea 
Urtean baten danok be zenbat 
maite dogun floklorea. 
Onintza Enbeita Maguregi
Urriko azken astelehenean 
Gernika jendez da janzten 
Posturik postu, tragorik trago 
Festa giroaz gozatzen 
Talo, txorizo ta sagardorik 
Ez jaku faltako aurten 
Gernika aldean ohitura zaharrak 
Ez dira sekula galtzen. 
Euskal giroa usaindu leike 
Eguna heldu orduko 
Gaztai, txakolin ta eztiari 
Ezin dautsagu ein uko 
Egun horretan Gernika dogu 
Juerga itzelen lekuko 
Animatu ta etorri_ezkero 
Ez zarie damutuko. 
Amaia Uribe Astorkia
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
