Ongintza-galea Los Txikis taldearen 50. urtebetetzean
2006-10-09 02:00 MusikeaBilbainadek musika-genero legez merezi daben ospakizuna izango dabe domeka honetan, urriak 15, Arriaga Antzokian, Los Txikis taldearen 50. urteurrenagaz batera antolatu dan galearen bitartez.
Bilbainadek musika-genero legez merezi daben ospakizuna izango dabe domeka honetan, urriak 15, Arriaga Antzokian, Los Txikis taldearen 50. urteurrenagaz batera antolatu dan galearen bitartez. Hauxe da Bizkaiko uriburuko kantu herrikoiak abestu dituan talderik ezagunena eta karismatikoena. Ekitaldia Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailaren babespean antolatu da.
Taldea 1956an sortu zan eta, denporearen porasuz, kide barriakaz hornidu da, baina hasierako espirituari eutsiz. Iñaki Nadal, Armando Ortega, Jose Luis Basterra eta Moises Arberas izan ziran 1959ean Los Txikis taldea sortu ebenak. Handik hona, taldean aldaketa batzuk izan dira, gaur egungo osoketa lortu arte: Angel Barrena (lehen tenorea eta gitarra-jolea), Jesus Alonso (bigarren tenorea), Alejandro Bernal (baxua eta gitarra elektrikoa), Moises Bañuelos (soinu-jolea) eta Txutxi Muerza (baritonoa eta pandero-jolea). Azken hau da taldeko kiderik beteranoena, 1960an sartu zan eta Los Txikis-en.
Bilbainaden alorrean klasiko bihurtu dan talde honek hogei bat disko grabau eta jentaurreko milaka emonaldi eskaini ditu, batzuk Europako herrialde desbardinetan.
Arriagako eszenatokian, Atxuritarra, Los Cinco Bilbainos eta Los Chimberos-en laguntzinoagaz jardungo dabe, eta Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak babestutako gala honetan batzen dan diru guztia Caritasek Bilbon gauzatuko dituan proiektuetarako erabiliko da.
Bere ibilbide luzean, Los Txikis taldeak milaka emonaldi eskaini ditu zuzen-zuzenean, bai Bizkaian, bai eta Espainiako uri nagusietan eta Ingalaterra, Holanda, Frantzia eta Belgika lako Europa osoko herrialdeetan be. Horrezaz gan, irrati eta telebistako saio desbardinetan parte hartu eta hogei bat disko grabau dabez. Bere doinu guztien artean, Bilboko Athletic Club-ari eskainitakoak dira, segurutik, ezagunenak eta nabarmenenak, eurek egindakoa baita, berbarako, ‘Zarraren Himnoa’, Felipe Garcia de Guevara taldeko soinu-joleak sortu ebana; edota ‘Athletic txapeldun’ kantua, 100.00 kopia baino gehiago saldu ebazana. Taldearen grabazinorik barriena ‘Euskadi dulce aldea’ izenburuko diskoa izan da.
Ramon Astikak eta Bienve-k aurkeztuko daben galea urriaren 15ean izango da Bilboko Arriaga Antzokian, eguerdiko 12:00etan hasita.
Sarrerak 8 euroan dagoz salgai Arriaga Antzokiko txartel-leihatiletan eta BBKren kutxazain automatikoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!