Ondarroa euskal kulturearen ardatz Augustin Zubikarairen omenezko XXI. mendeko Lore Jokoakaz
2006-09-28 02:00Lore jokoak XIX. mendearen erdialdean sortutako mobimentu euskaltzalea izan zan eta, Iparraldean sortu arren, zazpi euskal lurraldeetan zabaldu zan. Orain, antolatutako XXI. mendeko I. Lore Jokoen bidez, Ondarroak euskal kulturearen erronka barriak eta Augustin Zubikarai buztartu nahi ditu.
Urriaren 6tik abenduraren 17ra bitartean Ondarroak euskal kulturea eta bere erronkak aldarrikatuko ditu mende hasi barrian, XXI. mendeko Lore Jokoen bidez. Udalerri bizkaitarrak hainbat ekitaldi eskainiko ditu egun horreetan, I. Herri Hizkeraren Jardunaldiak, Perretxiko Jardunaldiak zein Errenteriako Andra Mari Abesbatza, Zubikarai eta Gotzon Aulestiaren lanak aurkezten.
Lore jokoak XIX. mendearen erdialdean sortutako mobimentu euskaltzalea izan zan eta, Iparraldean sortu arren, zazpi euskal lurraldeetan barrena zabaldu zan. Orain, antolatutako XXI. mendeko I. Lore Jokoen bidez, Ondarroak euskal kulturearen erronka barriak eta Augustin Zubikarai buztartu nahi ditu. Zubikarai bidegile eta bide zabaltzailea izan zan garai haretan.
Antolatzaileen esanetan, gaur egun euskal kultureak erronka barriak ditu, etorkinen integrazinoa, emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna edo ingurumena, besteak beste, ‘eta euskal kultureak badauka zeresana horren guztiaren aurrean’.
Hain zuzen be, erronka honeei erantzuna emoteko asmoz, Ondarroako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu urriaren 6tik abenduaren 17ra bitartean, Lore Jokoen barruan. Ondarroa egun horreetan erreferentzia bihurtuko da euskal kultureari dagokionean Euskal Herrian osoan.
Beste ekitaldiez gan, urriaren 21ean eta 22an Perretxikoen Jardunaldiak egingo dira. Mendi-irteera bat perretxikoetara antolatu da, eta baita erakusketa bat eta dastaketea Bizkaiko txakolinagaz be. Urriaren 28an Errenteriako Andra Mari Abesbatzak kontzertu berezia eskainiko dau.
Zemendiaren 3an, I. Herri Hizkerearen Jardunaldiak egingo dira Kofradia Zaharrean, euskerearen aniztasuna eta hizkuntzearen kalidadean bere eragina azaltzeko. Hizlari batzuek azalduko dabez ondorengo gaiak: herri hizkerearen adierazbideak, herri hizkerea eta toponimia, herri hizkerea eta euskalkiak, eta herri hizkerea eta euskera batua. Mahai-inguru batek tokian tokiko esperientziak eskainiko ditu, adibidez Ondarroako arrantzaleen hizkerea, Sakanako hizkerea edo Iparraldeko esperientzia.
Honegaz batera, urriaren 17tik zemendiaren 28ra bitartean nazinoarteko sukaldaritzea izango da Gure Abixi Elkartean martitzenero, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Abenduaren 5an, sortutako errezeten aurkezpena publikoa izango da.
Lehiaketa eta beka batzuek beteten dabe egitaraua (nobela laburra, musika, argazkia, arrantzearen arazoei buruzko ikerketea, emakumeen partaidetzea gizarte aldaketetan..., bai eta kontzertuek be, berbarako, Zea Maysek zemendiaren 25an Kafe Antzokian eskainiko dauena.
Lore Jokoak
Lore Jokoak XIX. mendearen erdialdean sortu ziran. Mobimentu euskaltzalea izan zan eta geroago zazpi euskal lurraldeetatik zabaldu zan. Lore jokoak sortzeko arrazoi pisuzkoena euskaldunen artean zabaldutako nortasun-krisia izan zan. Nortasun-krisi hori bultzatu eben, besteak beste, Iparraldeko gazte askok Hego Ameriketara alde egin izanak eta, Hegoaldean, karlistaldiak amaitu ostean foruek eratorritako askatasunak galdu izanak.
Antoine d'Abbadie izan zan Iparraldean Lore Jokoen sortzaile eta bultzatzaile nagusi. Hasierako Lore Jokoetan olerki-lehiaketeak eta herri-kirolak baino ez ziran antolatzen. Halan da be, denporeagaz jokoak euskal kulturako arlo guztien eredu bihurtu ziran.
Literaturea, antzerkigintzea, musikea, bertsolaritzea, dantzea, irakurketea eta mueta guztietako ikerketak bultzatu ziran lehiaketen bidez. Horri esker, asko izan ziran garai haretan ezagutzera emondako euskal artistak.
Azkenik, euskal kultureari etorkizunaren ateak zabaldu jakozan. ‘Zazpiak bat’ gaia Lore Jokoetan sortu zan, ikuspuntu kulturaletik; izan be, euskal artistak konturatu ziran euskerea zala zazpi euskal lurraldeak batzen ebazana.
Augustin Zubikarai
Augustin Zubikarai 1914an jaio zan Ondarroan, eta gazterik ekin eutson euskal kazetaritza zein antzerkigintzeari. Gerra Zibilak be gazte atrapau eban Zubikarai baina, amaitu ostean, euskerearen aldeko lanean jarraitu eban kultura eta erlijino-taldeetan buru-belarri beti, nahiz eta laino ilunak kulturearentzat nagusitu.
Parrokietako eta erlijiosoen ardurapeko aldizkarietan topau eban babesik aproposena Zubikarairen lumeak. Bata bestearen atzetik sortu ebazan hainbeste bertso, olerki, artikulu, ipuin zein antzerki-lan. Idazle oparoa izan zan eta literatura-genero gehienak jorratu ebazan. Aldizkari sortzaile be izan zan, ‘Ondarroa’ urtekaria eta ‘Arranondo’ herri-aldizkaria izanik horren adibide.
Lore Jokoen zalea, lehiaketa askotan parte hartu eta sari garrantzitsuak irabazi ebazan. Gainera, euskal jokoek euskal kulturearentzat euken garrantziaren jakitun, Lore Jokoen denfendatzaile amorratua izan zan. Berbarako, 1964an, Txomin Agirre idazle ondarrutarraren jaiotzearen 100. urteurrena ospatu zanean, Lore Jokoen bultzatzailea izan zan. Geroago, batez be, 1980ko hamarkadan, Kultur Etxeko zuzendari zalarik, jokoak antolatu ebazan Ondarroan.
Ondarroako Udala da Lore Jokoen antolatzailea, eta Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea eta Euskaltzaindia dira babesleak. Zazpi euskal lurraldeetako zein mundu guztian zehar dabiltzan euskaldunei Lore Jokoetan parte hartzeko konbidapena zabaldu deutse antolatzaileek.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!