Donostia, zinearen uriburua
2006-09-22 02:00 BarriakAurten be zinema munduko izar handiek bisitauko dabe Gipuzkoako uriburua. Besteak beste, Max Von Sydow, Matt Dillon, Clive Owen, Jeanne Moreau eta Diane Kruger izango dira bertan, Oliver Stone eta Gonzalez Iñarritu zuzendariakaz batera.
Atzo, 21:00etan, hasi zan Kursaalen, Donostiako Zinemaldiaren 54. edizionari hasikerea emon eutson inaugurazino gala ikusgarria. Aurten be zinema munduko izar handiek bisitauko dabe Gipuzkoako uriburua. Besteak beste, Max Von Sydow, Matt Dillon, Clive Owen, Jeanne Moreau eta Diane Kruger izango dira bertan, Oliver Stone eta Gonzalez Iñarritu zuzendariakaz batera.
Edurne Ormazabalek eta Marisa Paredesek aurkeztu eben ETB1ek zuzenean emondako ekitaldia eta antzezleek, zine zuzendariak eta zine munduko jenteak igon eben oholtzara zinemaldiaren atalen barri emoteko.
Ganera, gala horretan nazinoarteko kritikearen saria emon eutsien Pedro Almodovarreri Volver filmarengaitik (bere anaiak jaso dau saria), eta aurten Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango diran 16 filmak epaituko dabezan personak be aurkeztu ebazan modu ofizialean.
Ekitaldia zinemaldia inaugurau eban filma emonez amaitu eben, etorkinen ganean berba egiten dauen Ghosts pelikuleagaz, hatan be. Pelikulea imini aurretik, pelikulako zuzendariek eta aktoreek berba batzuk egin ebezan. Tartean, filmeko taldeak 'Realagaz dagoala' esan eban, aurkezpenari umore ikutua emonez. Ondoren, legez kanpoko inmigrazinoaren dramearen inguruan hausnartzeko eskatu eben.
Izarrak eta glamourra
Donostiako kaleak prest dagoz zine izarrak eta ikusleak hartzeko. Jeanne Moreau aktoresa frantsesa izan zan uriburura ailegau zan lehenengoa. Moreau, Bruno Barreto, Sara Driver, Manuel Gomez Pereira, Jose Saramago, Bruno Ganz eta Isabel Coixetegaz batera, epaimahaikidea izango da. Azken honeen esku izango da, beraz, Urrezko Maskorra eskuratuko dauen film irabazlea aukeratzea, bai eta irailaren 30ean jakinarazoko diran ganerako sarien irabazleak aukeratzea be. John Boorman, Bahman Ghobadi, Carlos Sorin, Angiszka Holland, Marion Hansel eta Hirosaku Kore-eda zuzendariak, Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian izango dira eta horreekaz batera, Antonio Chavarrias, Victor Garcia Leon eta Javier Rebollo espainiarrak be horretan ahaleginduko dira.
Todd Robinsonek zuzendu eta John Travolta protagonista daukan Lonely hearts pelikula iparamerikarrak itxiko dau zinemaldiaren 54. edizinoa; ganera, Max Von Sydow eta Matt Dillon aktoreak Donostia Sariagaz omenduko dabez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!