Barikuan Alatriste kapitaina erasora

Joseba Terreros 2006-08-29 02:00   Barriak

Honako hau orain arte Espainiako zinemagintzearen historiako filmik karuena izan da eta Arturo Pérez-Reverteren literatur bilduma entzutetsuaren debut zinematografikoa izango da.

Alatriste kapitainak bere ezpatea zorrotik atara aginean dago; izan be, barikuan, irailaren 1ean, pantaila handietara ailegauko da Agustín Díaz-Yanes-en superprodukzino hau. Honako hau orain arte Espainiako zinemagintzearen historiako filmik karuena izan da eta Arturo Pérez-Reverteren literatur bilduma entzutetsuaren debut zinematografikoa izango da.

Gainbehera etorren XVII. mendeko inperio espainiarrean, Alatriste kapitaina Flandeseko lur hotzetan burrukan egin eben soldaduetariko bat izan zan. Bertan, arerio holandarren segada baten ondorioz hilzorian egoan soldadukide eta lagun batek eskatu eutson, semea jagoteko eta soldaduaren ogibidetik aldentzeko. Alatriste, orduan, jaioterrira itzuli eta inperio desegina topau eban. Testuinguru honetan soldadu zaildu, trebe eta gogor honen abenturak eta desbenturak ikusi ahal izango dira, mertzenario modura. Duda izpi barik, film honetako antzezle zerrendea gauzarik erakargarrienetariko bat da; ganera, gidoia Díaz-Yanesek eta Arturo Pérez-Revertek berak idatzi dabe alkarregaz.

Alatriste irudikatuko dauen Viggo Mortensen aktoreagaz batera, ospe handiko beste izen handi batzuk ikusi ahal izango doguz: Javier Cámara, Olivaresko Konde Dukearen zereginean; Eduardo Noriega, Guadalmedinako Kondearen paperean; Juan Echanove, Francisco de Quevedo idazle handia irudikatuz; eta Elena Anaya, Angélina de Alquézar-en eginkizunean.

Ganera, Unax Ugalde arrasatearra, Ariadna Gil, Francesc Garrido, Blanca Portillo, Eduard Fernández, Antonio Dechent eta Enrico Lo verso italiarra be antzezle multzo zoragarri honen barruan ikusi ahal izango doguz.

Azkenik, aitatzekoa da Alatriste kapitainaren abenturen literatur bilduman oinarrituriko pelikula honek 20 miloe euroko aurrekontua euki dauela eta, beraz, filmik karuena izan da Espainiako zinemagintzearen historian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu