Euskal PEN Kluba Berlinen, domekara arte

Wwweuskalpenorg 2006-05-22 02:00

Nazinoarteko PEN Klubak urteroko biltzarra egingo dau hilaren 22tik 28ra Berlinen (Alemania).

Nazinoarteko PEN Klubak urteroko biltzarra egingo dau hilaren 22tik 28ra Berlinen (Alemania). Danetara, 90 herri baino gehiagoko ehunka idazle batuko dira adierazpen askatasunari lotutako kasun ganean berba egiteko.

'Bakerik gabeko munduan idaztea' da aurtengo leloa. Günter Grass idazle Nobel saridun alemaniarraren berbaldiagaz emon jako hasierea biltzarrari eta mundu osoko idazle ugari batuko dira kongresuan, A. L. Kennedy, György Dragomán, Ronald Harwood edo György Konrád, besteak beste. Euretariko askok kontrako jarrerak sufridu behar izaten dabez idazten dabenaren harira.

Aurtengo leloak, bake mezua zabaldu gura izateaz gan, edozein burruka ideologikoren ganetik, arteak eta literatureak balio aldaezinak dituela azpimarratu gura dau. Bakerik bako mundu batean literatureak konpromiso sendoa eskatzen deutse idazleei.

Badira hogei urte ez dala Alemanian egiten Nazinoarteko Biltzarra. Hanburgon izan zan azkenengoz 1986an. Aurten, garrantzi berezia autortuko jako datozan hiru urteotarako plan estrategikoari.

Euskal PEN Klubak ordezkari bi izango ditu Berlinen: Laura Mintegi Euskal PEN Klubaren presidentea eta Joseba Tobar Arbulu. Euskal ordezkariek, gitxienez, hiru batzordetan parte hartuko dabe: Idazle Presoen batzordea, Emakume Idazleen batzordea eta Itzulpena eta Hizkuntz eskubideen batzordea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu