Juan Mari Juaristi nagusi Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren finalerdian
2006-05-16 02:00 BertsolaritzeaEpaimahaikideen erabagiz, Juan Mari Juaristi gasteiztarra izan zan puntu gehien batu zituana, Oihane Perearen aurretik.
Hilaren 13an, larunbata, Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren eta azken finalaurrekoa jokatu zan Dulantzin. Bertan, saioaz gozetako asmoagaz joan ziran entzuleakaz batera sei bertsolari Lierni Altuna gai emoilearen esanetara: kanporaketetan sailkatutako Andere Arriolabengoa, Rubén Sánchez eta Alberto Martinez Betto eta joan zan urtean finalean egoteagaitik zuzenean finalaurrekoetara sailkatu diran Oihane Perea, Juan Mari Juaristi eta Iñaki Viñaspre.
Aurreko finalaurrekoan legez, honakoa izan zan bertsolariek osotu behar izan eben lan puntuagarria: ofiziotan hiruna bertso zortziko nagusi, zortziko txiki eta hamarreko txikian, eta kartzelako lanean bakarka puntuari erantzun eta gaia emonda bina bertso doinu eta neurri librean. Epaimahaikideen erabagiz, Juan Mari Juaristi gasteiztarra izan zan puntu gehien batu zituana, Oihane Perearen aurretik.
Saio guztian zehar urduritasuna eta tensinoa nabarmenak izan ziran bertsolarien artean, eta horrek huts egite bat baino gehiago ekarri zituan. Sailkapeneko lehen postuetan geratutako bi bertsolariak ibili ziran erosoen arratsaldean zehar. Edozelan be, esan beharra dago ofizioetan bertsolariek ez ebela jakin gaiagaz behar bezela asmetan, eta saioak ez zirala oso biribilak izan. Kartzelako lanean bertsolariek dana emotera urten eben, eta neurri luzeagoko doinuak aukeratuz bertso-aldi politak entzun ziran.
Behin bertsolariek euren lana amaitu ostean, hau izan zan amaierako epaia: lehenengo Juan Mari Juaristi (284 puntu), haren atzetik Oihane Perea (283,5), hirugarren Iñaki Viñaspre (280), laugarren lekuan Rubén Sánchez (270), bosgarren Alberto Martinez (260,5) eta seigarren Andere Arriolabengoa (232).
Beraz, daborduko erabakita dagoz hilaren 27an Gasteizko Jesus Guridi Musika eskolan (17:00) txapelaren bila lehiatuko diran sei bertsolariak: Zigor Enbeita, Axier Otamendi, Manex Agirre, Juan Mari Juaristi, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!