Euskal musikeak sekulako erantzuna izan eban 2025ean
2026-01-20 09:12 MusikeaHalanda be, sektoreak arduraz begiratzen deutso makrokontzertu eta produkzino handiei.
Musika Bulegoa Alkarteak 2025eko euskal musika sektorearen balantzea aurkeztu dau, alkarte, industria, areto, musikagile eta musikarien ekarpenetan oinarrituta. Horrezaz gan, aurtengo erronka nagusiak be iragarri ditu.
Musika industria: arrakasta historikoak
Musika Industriaren Alkarteko (MIE), Amaia Ispizua buruak ondokoa azpimarratu dau: 2025a urte historikoa izan da euskerazko musikan, estadio handiak bete baitira. Halanda be, musikea sostengatzen daben milaka talde eta artista txiki eta ertainentzat musikatik bizitea oso gatxa da. Sarreren salmentak eta konsumo digitalak gora egin arren, ez da modu ekitatiboan banatzen. Halanda ze, proiektu handietan pilatu da. Maila artistikoari jagokonez, euskal eszeneak bizirik, anitz eta sortzailea izaten jarraitzen dau. Gainera, emakumeek gidatutako proiektu gehiago dagoz, baina genero arrakala oraindino antzemoten da.
Industriaren ikuspegia: diskoetxeak eta produkzinoa
Elkar diskoetxeko Andrés Camiok 2025a urte ona izan dala azpimarratu dau: salmenta digitalak eutsi egin dira eta formatu fisikoak emoitza onak izan ditu. Azken aldiko produkzino batzuen maila altuak salmenten gorakadea ekarri dau, batez be Durangoko Azokan.
Bestalde, Bidean Produkzinoakeko Julen Caminosek 2025 urtea oso aktiboa, baina kezka handiz bizitakoa izan dala adierazo dau: publikoak ekitaldi handietan kontzentratzeko joerea dauka, horrek zaildu egiten dau proiektu txiki eta ertainen bideragarritasuna.
Kontzertu-aretoak: etenbako aldarrikapena
Gotzon Uribek, Kultura Live Alkarteko buruak, gogorarazo dau kontzertu-aretoen helburuak aurreko urteetako berberak dirala: administrazinoek aretoentzako zuzeneko laguntza ekonomikoak emon behar ditue: programazinorako eta ekipamenduetarako. Halanda ze, babesgabeziaren egoereari aurre egitea beharrezkoa da.
Musika garaikidea eta klasikoa: jarduera handia eta erronkak
Musikagileak Alkarteko presidente eta konpositore Helga Ariasek ondokoa adierazo dau: 2025a Euskal Herriko musikea emonkorra eta dinamikoa izan da. Jaialdiek, sorkuntza-guneek eta kultura-eragileek lanerako gaitasun handia, proposamen aniztasuna eta barrikuntzarako borondate argia erakutsi dabe, sektorearen heldutasuna eta garrantzia berretsiz.
Musikariak: polarizazinoa eta prekaridadea
Musikari Alkartetik, Sara Azurzak eta Marina Landak ondokoa adierazo dabe: baliabide ekonomikoen gabeziak zaildu egiten dau alkartearen egiturea sendotzea eta helburuetan aurrera egitea. Era berean, ezinbestekoa da Euskal Herriko musikarien arteko kidetasun sentimendua eta babes kolektiboa indartzea.
Musikari bezela egindako balorazino personalean, Sara Azurzak ondokoa adierazo dau: euskal musikearen industria hedatzen eta dibertsifikatzen dago, baina, era berean, polarizazino prozesua be bizi dau. Makrokontzertuek protagonismo gero eta handiagoa dabe, formatu txiki eta ertainen kaltetan.
Aurtengo erronkak
Musika Bulegoak jasotako balorazinoek musika sektorearen diagnostiko partekatua erakusten dabe: sormen handia, aktiboa eta arrakasta handiak sortzeko gai da, baina barne-desoreka handiak ditu. 2026ari begira, erronka nagusiak ondoak dira: oinarri-ehuna indartzea, aretoen eta formatu txiki eta ertaineko zirkuituen biziraupena bermatzea, musikarien lan-baldintzak hobetzea, finantzaketa eredu egonkorragoetara bidea egitea eta hazkunde artistikoan lagunduko daben kultura-politikak jorratzea, epe luzerako egitura iraunkorra dabenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
