Mariolein Sabartek irabazi dau Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria
2022-09-30 12:37 KultureaKatixa Agirreren Amek ez dute neerlanderara itzuli dau.
Mariolein Sabarte arduratu da Amek ez dute liburua neerlanderara itzultzeaz eta Zirimiri Press etxeak argitaratu dau. Ahalegin horrek balio handiko autortzea ekarri deutse, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria irabazi dauelako Sabartek. 4.000 euroko saria konpartiduko dabe itzultzaileak eta argitaletxeak; beste 2.000 euro izango ditue liburuaren promozinoa egiteko.
Jatorriz euskeraz idatzi eta argitaratutako literatura lanen itzulpenak saritzen dira lehiaketan, batez be, obrearen itzulpenaren kalidadeari eta argitaletxeak egindako sustapenari begiratuta. Hain zuzen be, epaimahaiak beren-beregi txalotu dau Mariolein Sabartek eta Zirimiri Pressek egindako promozinoa. Herbehereetako komunikabideetan oihartzun handia izan dau argitalpenak, argitaletxeak lan handia egin dau hori halan izan dadin, dinoe epaimahaikoek.
Itzulpena kalidade handikoa izateaz gan, itzultzailearen ibilbide sendoa autortu nahi dogu sari honegaz, bizitza osoan egindako lana, hain zuzen, ganeratu dau epaimahaiak. Zirimiri Pressi jagokonez, euskal lanak, eta hizkuntza gitxituetakoak orokorrean, itzultzeko egindako apustu garbiagaitik nabarmendu dabe.
Zortzigarren urtez emon dabe Etxepare-Laboral Kutxa Saria. Edizino honetako epaimahaian honeek egon dira: Jokin Gorriti (Laboral Kutxako ordezkaria, Imanol Otaegi (Euskal Kulturea Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko Zuzendaria), Elizabete Manterola (EHUko irakasle eta EIZIEko kidea), Naroa Zubillaga (EHUko irakasle eta EIZIEko kidea) eta Mikel Lasa (Etxepare Euskal Institutuko komunikazino teknikaria).
2018an plazaratu eban Katixa Agirrek Amek ez dute. Segiduan lortu eban irakurleen eta kritikearen onespena eta horri esker hizkuntza askotara itzuli dabe. Neerlanderaz 2021eko udabarrian argitaratu eban Zirimiri Pressek, Moeders zullen nooit izenburupean.
Mariolein Sabarte Belacortu (1944) Wageningenen hazi zen, Herbehereetan. Ama holandarra eban eta aita euskalduna. Espainiako Hizkuntza eta Literaturea ikasi eban Amsterdamgo Unibersidadean. 1969an, gaztelaniazko prosea neerlanderara itzultzen hasi zan, Camilo José Celaren Mrs. Cadwell habla con su hijo-gaz hasita. Latinoamerikako hainbat idazleren eleberriak itzuli ditu, besteak beste, Gabriel García Márquez, Julio Cortázar, Mario Vargas Llosa, Álvaro Mutis, José Donoso, José María Arguedas, Juan Carlos Onetti, Jorge Luis Borges, Roberto Arlt eta Carlos Fuentesenak. Erreferentea da gaztelaniatik nederlanderarako itzulpengintzan.
Sari ugari irabazitakoa da Sabarte: Meulenhoff argitaletxearena, Letren Fundazinoarena (Vertaalprijs Nederlands Letterenfonds) eta, orain, Etxepare-Laboral Kutxa. Katixa Agirreren Amek ez dute itzultzeko, nobelearen gaztelaniazko itzulpena (Las madres no) izan dau oinarri.
Zirimiri Press 2009an sortu eben, oharkabean pasetan diran lanak publiko zabalagoari helarazoteko asmo sendoz. Gitxitutako eta gitxi itzulitako hizkuntzetan idatzitako lanak plazaratzen berezitutako argitaletxea da.
Katixa Agirrez gin, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Julen Gabiria, Cristina Goikoetxea, Felicia Fuster, Mireia Calafelli, Lien Botha, Marcu Biancarelli eta Montserrat Abelló-ren lanen itzulpenak plazaratu izan ditu neerlanderaz Zirimiri Pressek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!