Ilusinoz eta kultura-proposamenez josita dator aurtengo Zinegoak
2022-02-21 13:29 ZinemeaZinegoak 2022 aurrez aurrekoa eta birtuala izango da.
Zinegoak-eko 19. edizinoa zezeilaren 28an hasiko da Arriaga Antzokian eta zezeilaren 7an amaituko da, sariak emoteko hitzorduagaz.
Jaialdiak, beraz, igazko formula bikotxa errepetiduko dau: aurrez aurrekoa eta birtuala, igaz erantzun bikaina izan ebalako (14.000 ikus-entzule baino gehiago). Zinegoakek lehentasuna jarduera presentzialak dira duda barik, bilbon, Lekeition eta ganerako herrietan, baina aldi berean audientzia birtualari be eskaintza erakargarria antolatu nahi izan deutsagu, jaialdira modu presentzialean hurreratu ezin dabenentzako.
Lehenengo astean, zezeilaren 28tik martiaren 7ra, proiekzino eta jarduera presentzial guztiak egingo dira. Zezeilarenn 28an, inaugurazino ekitaldian, Olatz Salvador musikariaren saioaz gozau ahal izango dogu, Nerea Arriolaren aurkezpenagaz. Albertina Carri zuzendari argentinarrak be Zinegoak 2022 ohorezko saria jasoko dau ekitaldi honetan.
Lehen aste horretan, jaialdiko film guztiak aurkeztuko dira hiru egoitza nagusietan: Golem Alhondigan, sail ofizialeko hiru kategorietako (FIK, DOK, KRAK) film guztiak proiektatuko dira. Martiaren 1etik 6ra, Bilborock Euskaltel Aretoa izango da, film laburren egoitza ofiziala, izan be, aurten sail ofizialeko film guztiak bertan proiektauko dira, 19:00etan eta dobako sarrera izango dau lekua bete arte. Azkenik, BilbaoArteko ArtHouse zinema-aretoan Albertina Carri ohorezko sariaren atzera begirakoa ikusi ahal izango da.
Zinemaz gan, Zinegoaken arte eszenikoentzako lekua be egongo da: VACAburra taldearen Metoloxias carroñeras para corpos invertidos eta Pabilioi 6-ko Gazte Konpainiaren Rey desnudo y chico muerto, Iñigo Coboren zuzendaritzeagaz. Eztabaida eta hausnarketarako tartea be izango da Bilgune saioei esker: nortasun lesbikoen inguruko proiekzinoa Aldarteren eskutik, Gure Hots dokumentalaren aurkezpena, Trauma podcast-aren hirugarren denporaldia… Horrezaz gan, proiekzino berezientzako tartea be atondu dabe: Gau lizuna Noel Alejandroren sexu esplizituagaz, Antony Hicking zuzendariaren azken lana Down in Paris...
Amaiera ekitaldia eta sari banaketea martiaren 7an izango da, Unai Izquierdok aurkezle lanak egingo ditualarik. Aurten Zinegoakeko Sari Nagusiak EITBren babesa izango dau, 4000 eurogaz, jaialdiko handiena, hain zuzen be. Era berean, inaugurazino-ekitaldia eta zarratzekoa streaming bidez jarraitu ahal izango dira EITBri esker.
Alaitz Arenzana
Zinegoak 2022 aurrez aurrekoa izatea da asmoa, izan be, ikus-entzuleen parte-hartzea da jaialdiaren muina. Alaitz Arenzana, Zinegoak-en zuzendari artistiko barriak zehaztu dauenez, aurten be leiho birtual bat zabalduko dogu Filmin plataformearen bitartez, arrazoi bategaitik edo besteagaitik aretoetara etorri ezin diran persona danakana heltzeko.
Gure identidadea eregiteko eta geure burua nahieran birpentsau eta berrasmetako aukera ugari dagoz eta horretan oinarrituko da Zinegoak 2022, hau da, nor garen eta geure burua zelan izentau gura dogun erabagiteko askatasuna eta zilegitasuna aldarrikatzeaz gabiz, begirada edegia ezarrita sexu-aniztasunaren, orientazino danen, genero-identidadea eregitearen edo sexualidadeagaz lotutako edozein elementuren gainean, horixe bera islatzen baita aurtengo irudian be: hainbat kartelen bitartez, geure burua izentetako eta/edo horretarako modu barriak sortzeko aukerak emoten jakuz, inponidutako etiketa barik.
Geure inguruan zein munduan zehar sexu-aniztasuna ukatzen, baztertzen eta itoten jarraitzen daben mekanismoak salatzen segiduko dogu; ideia horreek guztiak batzen dira Zinegoak 2022ko programazinoan: Sail Ofizialeko filmeetan, film laburren zikloetan, pieza eszenikoetan eta Bilgune esparruetan, eztabaidarako eta gogoetarako gune baitira.
Euskal Herriko ahalik eta herri gehienetara helduko gara eta, pandemiak hankaz gora jarri bagaitu be, babes eta konpromiso sendoa erakusten jarraitu. Aurten ere, Lekeitio izango da jaialdiaren bigarren egoitzea eta aurtengo nobedadea Portugaleteko Zinegoak izango da, goizetako zinema-saioen bitartez ikastetxeetara hurreratu eta prestakuntzea bultzatzeko ekimen barria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!