Maya Erlearen abenturak, zinema-aretoetan eta euskeraz
2021-05-28 09:27 ZinemeaZinema Euskeraz programearen barruan dator proposamen hau.
Familia osoak, batez be umeek, gozetako moduko beste proposamen bat dakar egunotan Zineuskadik bultzatutako Zinema Euskeraz programeak. Gaur, hilak 28, hainbat zinema-aretotan estreinauko dabe Maya Erlea: urrezko esfera marrazki bizidunetako filma, euskerara bikoiztuta.
Euskeraz ondo pasetako eta gure hizkuntzan aisialdia biziteko aukerak ugaritzea da Zinema Euskeraz programearen helburua, baita zinemazale barriak erakartea be. Ume eta familientzako aproposak diran nazinoarteko filmak, gehienetan marrazki bizidunetakoak, euskerara bikoiztu eta pantaila handian estreinetan ditue.
Oraingo honetan, Maya Erlearen abentura dibertigarri bat dakar programeak aretoetara, Alemania eta Australiaren arteko produkzinoa. Noel Clearyk zuzendu dau Maya Erlea: urrezko esfera, Adam Rainforden historian oinarrituta eta Adrian Bickenbach eta Fin Edquist gidoigile dirala. 84 minutuko filma da. Jatorrizko izenburua Maya the Bee 3: The Golden Orb da.
Pelikulan, Maya Erleak eta bere lagunik onena dan Willik printzesa inurria erreskatauko dabe, baina intsektuen arteko gudan sartuko dira bete-betean. Mundu ezezagunetara eroango ditu abentureak, eta, oztopoen aurrean, Mayaren eta Williren arteko adiskidetasunak proba gogorrak pasau beharko ditu.
Maya Erlea: urrezko esfera ez da asteburu honetan zinema-aretoetan euskeraz ikusi ahal izango dan marrazki bizidunetako film bakarra. Izan be, Zinemazale Barriak programea be aurrera doa, eta domeka honetan, hilak 30, Paddington 2 emongo dabe ekimenagaz bat egin daben aretoetan.
Prezio merkean eta goizeko saioan emongo dabe Paddington 2, publiko gaztea erakarri eta zale barriak sortzeko asmoz, baita zinema-aretoei bultzadea emoteko be, pandemiak gogor jo ditualako. Emonaldiak 12:00etan hasiko dira, Mungian izan ezik (hor 11:30ean).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!