Hamabi film, publiko barria zinema-aretoetara erakarteko

Bizkaie! 2021-05-19 12:46   Zinemea

Asteburu goizetako proiekzinoak merkeagoak izango dira.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta EZAEk Zinemazale Barriak izeneko kanpainea ipini dabe martxan, zinema-aretoei bultzadea emon eta publiko gaztea erakarteko asmoz. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 18 aretok egin dabe bat, eta, maiatzaren 23an hasita, asteburuetako goizeko saioetan 2,90 euroko prezioa ipiniko dabe. 

Zinema Euskeraz programearen bidez euskerara bikoiztu diran hamabi film dagoz kanpainearen barruan, danak ume eta familientzako egokiak. Lehenengoa maiatzaren 23an estreinauko da: Maya erlea. Ezti jokoak

Kanpaineagaz bat egin daben 18 aretoetatik gehienak EZAEko bazkide dira, baina badagoz hortik kanpokoak be. Araban areto bi dira (Gorbeia eta Florida), Gipuzkoan bederatzi (Principe, Antiguo Berri, Bastero, Villabona, Areria, Zumarraga, Beasain, Zarautz eta Niessen) eta Bizkaian zazpi (Multicines Bilbo, Golem, Getxo, Durango, Bermeo, Mungia, Muskiz).

Kultura zinematografikoa sustatzea eta zabaltzea da asmoa, eta, aldi berean, zinema-aretoak leku seguruak dirala eta osasun-eskakizun guztiak zehatz-mehatz beteten dituela aldarrikatzera be badator Zinemazale Barriak kanpainea. Holan adierazo dabe Bingen Zupiria sailburuak eta EZAEko presidente Alfonso Benegasek, Bilbon egindako aurkezpenean.

2020. urtea zinema-aretoentzat benetan gogorra izan dala be gogoratu dabe aurkezpenean. Covid-19aren eraginagaitik, zinemara joan zan publikoaren kopuruak % 65 egin eban behera Euskal Autonomia Erkidegoan, 2019agaz konparauta. Hamar miloe euroko galerak ekarri eutsazan horrek sektoreari. 

Zinemazale Barriak kanpainako 2021eko egutegia hau da:

- Maiatzaren 23an: Maya erlea. Ezti jokoak.

- Maiatzaren 30ean: Paddington 2.

- Bagilaren 6an: Asterix, edabe magikoaren sekretua.

- Bagilaren 13an: Nur eta herensugearen tenplua.

- Bagilaren 20an: Ballerina.

- Urriaren 3an: Oin handiaren semea.

- Urriaren 10ean: Printze txikia.

- Urriaren 17an: Mr Link.

- Urriaren 24an: Pokemon Pikachu detektibea.

- Urriaren 31n: Tom eta Jerry.

- Zemendiaren 7an: Elfkinak.

- Zemendiaren 14an: Smallfoot.

Alfonso Benegas eta Bingen Zupiria, Bilbon egindako aurkezpenean (argazkia: EZAE).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu