'Ilargi guztiak' filmaren estreinaldia atzeratu dabe

Bizkaie! 2021-01-27 08:36   Zinemea

Pandemiaren gaur egungo egoereak behartu ditu erabagia hartzera.

Haizea Carneros aktorea, 'Ilargi guztiak' filmean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zezeilaren 19an zan zinema-aretoetan estreinaldia egitekoa Igor Legarretaren film luze barria, Ilargi guztiak, Haizea Carneros, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea protagonista nagusi dituan lana. Baina, produktoreek jakitera emon dabenez, estreinaldiaren eguna atzeratu egin behar izan dabe, pandemiagaitik. Oraindino ezin dabe zehaztu ze egunetan helduko dan Ilargi guztiak pantaila handira. 

Zinemara joateko aukerak nabarmen urritu dira azken egunotan, erakunde publikoek ezarritako osasun neurriakaitik. Izan be, herritarrek ezin dabe euren udalerritik urten, eta birusa gero eta zabalduago dagoanez, aforoei eta ikuskizun kulturalei lotutako neurriak be zorrotzagoak dira orain. Zinema-areto asko itxita dagoz, baldintza horreetan zabalik egotea ez dalako bideragarria. Horrenbestez, garbi dago film barri bat estreinetako momentu txarra dala hau, eta hurrengo asteetan ez dau hobera egiteko itxurarik. 

Ilargi guztiak, Igor Legarreta bizkaitarraren (Leioa, 1973) bigarren film luzea, fantasiazkoa da, banpiroen istorio bat, baina ez bildurrezkoa. Gidoia Jon Sagalák idatzi dau. Betiko bizi dan ume bat da protagonistea, Haizea Carneros aktoreak gorpuztua. Aktoreen artean dagoz Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz. Pelikulea euskeraz egina dago.

Donostiako Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemearen 31. Astean, zemendian, aurrerapen bat proiektau eben, eta trailerra be badauka filmak. Hurrengo pausua, beraz, zinema-aretoetan erakustea da, baina Covid-19aren pandemiak aurreikuspen guztiak atzeratu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu