Europako Diseinu Institutua (IED) Bilbora heldu da

Bizkaie! 2020-09-21 13:07   Kulturea

Kunsthal Disenu Zentro nagusiaren integrazinoari esker dator.

Kunsthal - IED Bilbao Zorrotzaurreko Papelera eraikinean dago, inguruko sorkuntza-gune eta kulturgune bilakarazotea helburu dauen uri-berroneratzearen esparruan. Integrazioari esker, Kunsthalek bat egin dau Bilboko uriari diseinuaren ateak zabaltzen deutsozan eta euskal talentua mundu osora zabaltzen dauen nazinoarteko talde bategaz.

Edegiereak sendotu egiten dau IEDren posizinoa Espainian eta indartu egiten dau uri estrategikoetan (Bilbon) hezkuntza eta enpresa-sarea lantzearen aldeko apustua.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtoren aburuz, Kunsthal - IED Bilbaoren inaugurazinoa Bilbo unibersidade-uri eta Zorrotzaurre talentuaren eta ezagutzaren isla bihurtzeko helburuaren beste pieza estrategiko bat da.



Kunsthal Goi Mailako Diseinu Zentroaren integrazinoari esker, Bilbora heldu da IED Taldea, diseinuaren arloko azterlanetan erreferentziazko erakundea; horri esker IEDk Espainiako bere hirugarren egoitzea ezarri dau –gaur egun Madrilen eta Bartzelonan ditu egoitzak–; Bilbokoa munduko hamabigarren egoitzea izango da (taldeak Italian, Espainian eta Brasilen ditu egoitzak). Holan, IEDk sendotu egiten dau hezkuntzearen, talentuaren, belaunaldi barrien eta enpresa-garapenaren eragile dinamizatzaile lez dauen posizinoa.

Bestalde, Kunsthal, IEDn sartu dala gaur goizean iragarri dauena, diseinuari buruzko prestakuntzan, diseinuaren kulturaren dibulgazioan eta inguruko eragile sozioekonomiko eta instituzionalakaz lankide jardunik proiektuak lantzen dabilen eragilea da. Zentroa hazi eta finkatzeko prozesuan, IEDgaz integretea pausu garrantzitsua da erakundearen etorkizunerako eta euskal komunidadearen hezkuntza-sustapenerako, diseinuaren ateak edegiten deutsozalako Bilbori eta tokiko diseinua mundura zabaltzen dauelako.

IEDren eskutik jarraitzeak aukera ezin hobea emoten deusku indarbarritzeko eta aukera-eremuak sortzeko. Eta ez bakarrik kontinente bietako hiru herrialdetan banatutako goi mailako 12 ikastetxek osotutako sare batean parte hartzeak dakarren nazinoarteko proiekzinoagaitik, alde batetik, taldeak Kunsthalen lantzen ditugun lengoaia pedagogiko barrietan esperimentetako laguntzea emoten dauelako eta, bestetik, datorren ikasturtean abiarazoko ditugun Moda Diseinuko eta Produktu Diseinuko titulazino barriei eta graduatu ondoko gure lehenengo ikastaroei eta masterrei berme handiagoz aurre egiteko behar dan sendotasuna lortzeko aukerea emoten deuskulako be, adierazo dau Kunsthalen zuzendariaordea dan Jesús Arrecubietak.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtoren eretxiz, gaurko inaugurazinoa, pieza estrategiko bat gehiago da, Bilbo unibersidade-uri ospetsu bilakarazoteko dogun helburua aberasten dauena, jente gazte talentudun, barritzaile ugari ikasten lan egiten eta bizitean geugaz geratuko dan jenteagaz, hain zuzen be. Horrezaz gan, Zorrotzaurren, Talentuaren eta Ezagutzearen Islan, egingo dogu aurrera, gure uria zerbitzu aurreratua, sorkuntza-industria, trebakuntzea zein artea ardatz hartuta.


Papelera Eraikina

Kunsthal - IED Bilbaoren egoitza barria Papelera Eraikin ikonikoan dago (Manuel Andonza, 1958), Zorrotzaurre Islan, Bilboko Udalak leku hori eskualdeko sormen eta kultura-topagune bilakarazoteko abian jarritako urigintza-berroneratzeko proiektuaren barruan. Eraikin enblematiko hori IEDk kudeatuko dau.


Kunsthal - IED Bilbao, Euskal Herriko kulturea eta hezkuntzea dinamizetako zentroa

IEDren Bilboko egoitza barriak Kunsthal diseinu-zentroaren esperientzia akademiko heldua izango dau euskal lurraldean, bai eta ha osotzen daben profesionalen talde osoarena be. Horri esker, erakunde biek Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-eskaintzea indartuko dabe, bai eta prestakuntzearen kalidadea eta eskola barriaren eta uriko kultura eta gizarte-bizitzearen inguruko enpresa-ehunaren sorrerea be.

Taldearen barruan, Kunsthal - IED Bilbaoren ezaugarri bereizgarria hezkuntza eta diseinua espezialidade guztietan apliketan diran hizkuntza, metodologia eta lurralde barrietan esperimentetea izango da.

Goi mailako diseinu-zentro barriak titulazinoak eskaini beharko ditu graduko (moda eta produktuko goi-mailako titulazioak dituenak) eta graduondoko arloetan, bai eta enpresentzako prestakuntzearen eraketan be.


Zer da Kunsthal?

Euskal Autonomia Erkidegoan Diseinuaren arloan dagoan Goi Mailako Ikastegi pribatu bakarra da. 1997an sortua eta 2016an goi mailako zentro lez autortua, jaio zanetik diseinuaren arloko prestakuntzan, diseinuaren kulturea zabaltzen eta inguruko eragile sozioekonomiko eta instituzionalakaz lankidetzan proiektuak jorratzen jarduten dauen eragile lez eratu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu