KSI Barritzaile deialdirako proiektuak aurkezteko epea edegi dabe

Bizkaie! 2020-03-04 12:20   Kulturea

Helburua kultura eta sormen sektoreetan proposamen barritzaileak babestea da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Kultura eta Sormen Industrien (KSI) Barritzaile diru-laguntzino deialdira proiektuak aurkezteko epea edegi dau. KSI arloko barrikuntza programa honen helburua da barrikuntza proiektuak laguntzea kultur (musikea, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, ikusizko arteak, kultura-ondarea eta edizinoa) eta sormen sektoreetan (bideo-jokoak, diseinua, modea, hizkuntzearen industriak, publizidadea, artisautzea, eduki digitalak, arkitekturea eta goi mailako gastronomia). Deialdiak 420.000 euroko aurrekontua izango dau aurten.

Egitasmoa sailen arteko alkarlanaren ondorioa da (Kultura eta Hizkuntza Politikea; Lehendakaritzea; eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailen artekoa hain zuzen), eta ebaluazino eta jarraipena Kultura eta Sormen Industrien RIS3 Pilotaje Taldearen bitartez egingo da.

Deialdiak dakarren aldaketa nagusia da ardatz bi izango dituala, hiru beharrean. Beraz, 2020. urtean ardatzak honako honeek izango dira: Barrikuntzea eta Transferentzia Teknologikoa (1. ardatza) eta Antolamendu ereduaren eta Enpresa Egiturearen Barrikuntzea (2. ardatza). Finantziazino eta ekonomia arloko aholkularitzeari jagokonez, oinarrizko prestakuntza programan gaiaren inguruko modulu berezi bat eskainiko da, interesa daben enpresentzat.

Eusko Jaurlaritzeak 2017an jarri eban abian KSI Barritzaile egitasmo pilotua, proiektu barrietarako aukera-guneak sortu eta jorratzeko asmoz, eta kultura eta sormen industrien alorreko enpresak lagunduz.

Aurtengo deialdiaren zeehetasun guztiak hemen ikusi. 


KSI Euskadin

Europan sakon lantzen dabiz kultura eta sormen industriak eta eragin handia dabe ekonomian eta uriak suspertzeko prozesuetan. Euskadiren kasuan, Zientzia, Teknologia eta Barrikuntzea 2020 Planean sartutako RIS3 (Regional Innovation Strategyfor Smart Specialization) izeneko Europako barrikuntza-estrategia barriaren barruan, Euskadin espezializazino adimendunaren lehentasun estrategikoak identifikau eta horreen artean dago kultura eta sormen industrien arloa. Horregaitik, Eusko Jaurlaritzeak urteak daroaz kultura eta sormen industriak sustatzeko hainbat proiektu jorratzen. KSI Barritzailea da arlo horretako proiektu nagusietako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu