Itxaro Bordak Bruselako liburu azokan hartuko dau parte
2020-03-04 10:37 KultureaTom Nisse luxenburgoarragaz eta Agata Tomažič esloveniarragaz mahai-inguru baten egongo da.
Martiaren 5etik 8ra egingo dabe aurten Bruselako liburu azokea, Foire du Livre de Bruxelles dalakoa. EUNIC Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalen Sareak antolatutako egitarauaren barruan, Itxaro Borda euskal idazle eta itzultzailea Belgikako uriburuan izango da egunotan. EUNICeko institutu nazionalak urtero konbidetan ditue azokara, 2016an sortutako Place de l’Europe espazioari esker. Gune horretan, kontinenteko hizkuntzak lantzen dituen autore, kazetari eta abarrek hartzen dabe parte, hizkuntza ugaritasunaren erakusle.
Azokearen lehen egunean, martiaren 5ean, agertuko da Borda publikoaren aurrean. Itzulpengintzearen inguruan hainbat ekintza egingo dira Place de l’Europe gunean, Cinquième Journée de la Traduction izenburupean. Egitarauaren helburua itzulpengintzeak kultura arteko ulermenean dauen funtzinoaren garrantzia azaltzea izango da.
Tom Nisse poeta eta itzultzaile luxenburgoarragaz eta Agata Tomažič kazetari eta itzultzaile esloveniarragaz, mahai-inguru baten hartuko dau parte Itxaro Bordak. Traduire d’une rive à l’autre: Le modèle protéiforme de la traduction en Europe da izenburua, eta Europako itzulpengintza-ereduen konplexutasunaz egingo dabe berba. Bide batez, Maiatz argitaletxearen ordezkari be izango da Borda ekitaldian.
Beste alde batetik, EUNIC sarearen erakusmahaian euskal literaturearen barri emongo dabe, hainbat hizkuntzatan atondutako eskaintzeari esker. Euskal idazleak eta literaturea Etxepare Euskal Institutuaren bidez heltzen dira urtero Bruselako azokara. Izan be, 2015etik, EUNICeko kide alkartua da Etxepare.
Bruselako liburu azokea, 1969an sortua, erakusleiho bikaina da euskal literaturearentzat, urtero 72.000 bisitari inguru batzen dira eta. Aurten, 500 argitaletxek eta 1.200 autorek hartuko dabe parte, eta herrialde konbidadua Maroko izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!