Arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak bultzatzeko laguntzinoak onartu ditue

Bizkaie! 2020-03-04 08:51   Kulturea

Eusko Jaurlaritzeak alor horreetako hainbat deialdi zabaldu ditu.

'Handia' filmaren grabazinoa, Durangon | Ikusi handiago | Argazki originala

Gobernu Kontseiluaren bileran onartu ditue arte plastikoak, ikusizkoak eta ikus-entzunezkoak bultzatzeko diru-laguntzinoen deialdiak. Arte plastiko eta ikusizkoen atalean, 445.000 euro banatuko ditu Eusko Jaurlaritzeak, hiru modalidadetan banatuta. Igaz, 64 proiekturi emon eutsien babesa oraingo honen pareko deialdian.

Hiru modalidadeen artetik lehena sustapen eta hedapenerako da. Kultur etxeetan arte garaikideko ekimenak antolatzeko zein artearen inguruko sensibilizazinoaren aldeko proiektuetarako erabili ahal izango dira laguntzinook. Danetara, 55.000 euro dagoz banatzeko.

Argitalpenena da beste modalidade bat (121.000 euro): Arte garaikidea zabaltzea eta artistak eta hareen obrak sustatzea helburu daben argitalpenak dira helburua, hainbat euskarritan. Azkenik, hirugarren modalidadea, diru gehien daukana (269.000 euro), sorkuntza eta produkzinoari bideratuta dago.

Ikus-entzunezkoen atalean, ostera, beste 300.000 euro emongo ditu Jaurlaritzeak, 2020an eta 2021ean egingo diran proiektuak bultzatzeko, produkzino-fasearen aurreko eragiketetan arretea jarrita. Igazko deialdian hamasei egitasmori lagundu eutsien.

Sektoreari zuzendutako diru-laguntzinoek sormen-prozesu osoa hartzen dabe: gidoien sormena, ikus-entzunezkoen produkzinoa eta proiektuen garapena. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero hiru deialdi egiten ditu, horreetako bat Gobernu Kontseiluak onartu barri dauena. Deialdiotara diru gehiago bideratzea erabagi dau Jaurlaritzeak. Esate baterako, orain onartutako laguntzinoetan, 100.000 eurotik 300.000ra pasau dira urtebetean.

Gobernu Kontseiluaren batzarra amaitu eta gero ateratako oharrean, Kultura Sailak gogora ekarri dau, onartutakoez gan, EAEn badagozala arte plastikoei, ikusizkoei eta ikus-entzunezko produkzinoari babesa emoteko beste inbersino batzuk be. Kimuak eta Zineuskadi zinemearen atalean, Gure Artea Sariak arte plastikoetan eta Eremuak programea dira horreetako batzuk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu