Naturea izango da ardatz XXI. Bilbao Poesia jaialdian
2020-03-03 08:14 KultureaMartiaren 9tik 18ra bitarteko egitarauan 27 autore dagoz.
Bilboko Bidebarrieta Kulturgunea izango da XXI. Bilbao Poesia jaialdiaren egoitzea, martiaren 9tik 18ra. Bertatik pasauko dira olerkigintzearen autore handiak eta haize feskoa dakarren gazteak, herritar guztiei zabalik egongo dan programazinoari esker. Danetara, 27 autore konbidauko ditue.
Aurtengo gai nagusia, emonaldi guztien ardatz izango dana, naturea da. Literaturan, eta batez be poesian, inspirazino-iturri amaibakoa da naturea, antxinatik olerkietan behin eta barriro agertzen dan elementua da. Egitarauaren barri emon dabe Bilboko Udaleko zinegotzi Gonzalo Olabarriak eta jaialdiko programatzaile Begoña Moranek.
Martiaren 9an hasiko da Bilbao Poesia, Ángeles Mora, Pilar Pallarés eta Antònia Vicens idazleek eta Joserra Senperena piano-jole donostiarrak emongo daben errezitaldiagaz. Andaluziarra, galiziarra eta mallorcarra dira, hurranez hurran, hiru idazleak, eta euren jatorrizko hizkuntzetan errezitauko ditue testuak, baita gaztelaniaz be. Aitatzekoa da hirurek daukiela irabazita Espainiako Literatura Saria.
Belaunaldi barrien ordezkarien txandea izango da hilaren 10ean: Madrilgo Mercedes Cebrián, Andaluziako Sara Herrera Peralta eta María Sánchez, Ismael Ramos galiziarra eta Aitor Francos bilbotarra. 11n, ostera, Juan Carlos Mestre, Isla Correyero, Maribel Andrés eta Andrés Neuman izango dira protagonista; 12an, Aurora Vélez, Erich Hackl eta Karmelo Iribarren. Eta barikuan, hilak 13, César Brandon, Redry eta Loreto Sesma.
Urtero legez, Bilbao Poesiaren egitarauaren barruan gogoratuko dabe Blas de Oteroren Eguna be, martiaren 15ean. Oraingo honetan, Blas de Oteroren testu batzuk irakurriko ditu Emilio Gutiérrez Cabak, Cecilia Lavilla Berganza sopranoaren laguntzinoaz. Pianoaren doinuak jarriko ditu Miguel Ituartek.
Loraldiagaz lankidetzan antolatu dabe hilaren 16ko emonaldia. Nola gorde errautsa kolkoan eztulik egin gabe izeneko errezitaldia Miren Agur Meaberen olerkietan oinarrituta dago, eta Eneritz Artetxe da ikuskizunaren zuzendaria. Amorante eta Aitor Gametxo agertuko dira oholtzan. Bilbao Poesiaren azken emonaldia, martiaren 18koa, Nuria Barrios, Francisco Ferrer, Chantal Maillard eta Juan Ramon Makusoren eskutik dator.
Beste alde batetik, kontzertu bi be hartuko ditu Bilbao Poesiak. Batetik, hilaren 14an, Jabier Muguruzak eta Bernardo Atxagak kontzertua emongo dabe Geltokiak Izarretara disko-liburuan oinarrituta. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako hamabost euskal kanturen bildumea da diskoa, eta Muguruzaren geografia afektiboa errepasetan dau. Beste kontzertua Bob Dylan Gogoan dalakoa, hilaren 16an helduko da Bilbora, Iker Diaz eta Adolfo García Gorriaren eskutik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!