Margolaritzea eta argazkilaritzea martian Expodistritoren barruan
2020-03-02 09:26 KultureaHelburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizau eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz.
Expodistrito programeak Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak, urteko lehen hiruhilekorako programeagaz jarraitzen dau. Martiaren 31ra arte, Abando, San Inazio, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko, Castaños, Errekalde eta Burtsako udaltegietara hurreratzen diran bilbotarrek hainbat proposamen artistikogaz gozau ahal izango dabe: Iñaki Alonsoren lanak batuko dituan argazki erakusketea eta oso adierazpen estilo eta teknikak dituen lau pintura erakusketa, baita marrazketa eta eskulturak ardatz dituan Endika Basagurenen Word Sweet Word instalazinoa be. Horrezaz gan, hogei artista ingururen lanak ikusgai izango dituan Encontrarte erakusketa kolektiboa be programau da.
Expodistrito, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak urtero martxan jarten dauen ekimena da eta helburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizau eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, baita ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be.
Román Arostegi naturaz eta hegaztiez maiteminduta dagoan artistea da eta zaletasun edo pasino hori arte-produkzinora eroaten dau oriora, akuareletara, pasteletara eta eskulturara, hain zuzen. Arostegiren lana martiaren 3tik 13ra bitartean ikusi ahal izango da Otxarkoagan —eta ez San Inazioan, aurreikusita egoan legez—, eta, ondoren, Abandoko Udaltegian zarratuko dau birea.
Era berean, martiaren 3tik aurrera, Montserrat Villamayor izango da Errekaldeko Udaltegiko artista gonbidatua, txokoak eta paisajeak, erretratuetan estilo figuratiboagaz eta errealisteagaz egindako obrak batzen dituan Nire espazioak, nire pasinoak izenburuko mihise gaineko orio lanen hautaketeagaz. Erakusketea San Frantzisko Udaltegira joango da martiaren 17an, eta martiaren 31ra arte egongo da han, Expodistrito-ko edizino honen amaiereagaz bat.
Beste alde batetik, Txomin Goyoaga artistearen erakusketeak edegiko dau Expodistritoko edizino hau; Euskerean bidetik izenburupean batutako orio-pinturen bilduma bereziaren bitartez, euskerea eta bide horretan bertsolariek, poetek, abeslariek eta euskaltzaleek egin daben bidea omendu gura ditu. Haren lana erakutsiko dau Abandoko Udaltegian, martiaren 3tik 13ra, eta Otxarkoagan, hilaren 17tik 31ra.
Martiko lehen hamabostaldian, barriz, Begoñako Udaltegiko erakusketa-aretoak Encontrarte. Egia eta itxaropenaren aldeko artistak izeneko talde-erakusketea eskainiko dau eta ostutako amatasunen arazoan, ume jaiobarrien draman, oinarrituko diran hogei artistaren topaleku izan gura dau. Begoñan egon ondoren, Castañoseko Udaltegian egongo da ikusgai.
Martitzenetik aurrera, hilaren 3tik aurrera, Burtsako Udaltegiak hartuko dau diziplina asko lantzen dituan Endika Basaguren artistearen lanen aukeraketa bat lanak New Yorken, Londresen edo Miamin egin diran bakarkako eta taldekako erakusketetan ikusgai egon ondoren. Marrazkien eta eskultura pieza txikien aukeraketa bategaz osotutako instalazinoa aurkeztuko dau. 5. barrutitik igaro ondoren, erakusketea San Inazion egongo da ikusgai martiaren 17tik 31ra.
Horrezaz gan, Expodistritok argazkilaritzeari buruzko erakusketa bat programau dau urteko lehen hiruhileko honetarako, Iñaki Alonsoren lana jenteari hurreratzeko. Castañoseko Udaltegian ikusi ahal izango da martiko lehen hamabostaldian eta gero Begoñako Udaltegira joango da.
Erakusketa bakotxaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazinoa jasoten daben webguneetan (www.kulturabarrutik.eus eta www.bilbaokultura.eus) eta 010 telefono zenbakian konsultau daitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!