Martian 25 jarduera dakarz Ikusi eta Ikasi programeak
2020-02-27 12:17 KultureaEgitarauko tailer eta ikuskizunak dobakoak dira.
Bilboko Udalak, urtero legez, Ikusi eta Ikasi umeen astialdi programea ipini eban martxan, zezeilean. Maiatzera bitartean, lau eta hamar urte bitarteko neska-mutilentzako jarduera ugari antolatu ditue, danak euskeraz eta doban. Martia be ekintzaz beteta dator, 25 izango ditue ume eta familiek aukeran, Udalak aurreratu dauenez.
Gogoratu behar da, aurten kategoria bitan banatu dituela Ikusi eta Ikasiko jarduerak. Batetik, Familian izeneko moltsoan, lau eta zortzi urte bitarteko neska-mutilentzat aproposak diran ikuskizunak batzen dira. Bestetik, Lagun artean atala, zortzi eta hamar urteko artekoentzako pentsauta dago, eta askatasun handiagoa emoten deutsie parte-hartzaileei, euren kabuz esperimentau deien.
Familian atalean, martiaren 7an izango da lehenengo ikuskizuna, Seaska kantak eta usain belarrak entzun! izenekoa. Ondorengo egunetan etorriko dira Monda eta Lirondaren zirkua, Largabista antzezlana, Mamuak eta auzokide batzuk ipuin-kontalarien saioa eta Parranda tutiplen.
Lagun artean kategoriaren barruan, tailer interesgarriak antolatu ditue, neska-mutilen jakinmina biztuteko. Martian, zirkua, fanzineak, labako bitxigintzea eta neoizko margoak landuko ditue lantegi banatan. Aurretik izena emon behar da, leku mugatuak dagoz eta.
Martiko jarduerak honako udaltegi eta espazioetan egingo dira: Errekalde, Olabeaga, Basurtu, Santutxu, Begoña, Deustu, Abando, Zorrotza eta Castañoseko auzo-etxeetan, Euskerearen Etxean eta Juan Delmas, Tiboli eta Iruarteta ikastetxeetan.
Bilboko Udalak Euskaltzaleen Topaguneagaz alkarlanean antolatzen dau Ikusi eta Ikasi, Bilboko umeei astialdirako aukera zabal eta euskalduna eskaintzeko asmoz. Programazinoa uriko bazter guztietara heltzen da. 16. edizinoa da aurtengoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!