Ignacio Ellacuria Saria emon deutsie Anna Ferrer kooperanteari
2020-02-27 09:07 KultureaIndiako komunidade behartsuenakaz egin dauen lana autortu deutso Jaurlaritzeak.
Garapenerako Lankidetzarako Ignacio Ellacuria Sariaren 2019ko ekitaldia egin dau Eusko Jaurlaritzeak, Gasteizen, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. Anna Ferrer kooperante britainiarra izan da saritua oraingo honetan, Indian behartsuenen alde egin dauen lanagaitik, batez be emakumeakaz. Gaur egun, Vicente Ferrer Fundazinoko presidentea da.
Epaimahaiaren ustez, Anna Ferrerrek konpromisoa, irmotasuna, antolaketarako gaitasuna, arrazionaltasuna eta sen ona agertu ditu bere ibilbidean. Emakumeek garapenerako lankidetzan egiten daben ekarpen ikaragarria autortzen eta ezagutzera emoten lagundu nahi dabe Ferrerri saria emonda.
Iñigo Urkulluren esanetan, Ferrerren lanak milaka personaren patua aldatu dau, duintasuna eta itxaropena bueltatu deutsezalako. Garapenaren zerbitzura dagoan antolakuntza-makina eraginkorraren parekoa da Indian egiten daben lana, emoitzak eta arimea buztartzen jakin dauen enpresea, lehendakariaren ustez.
Sari hau 50 urteotako lanaren errekonozimendua baino gehiago da. Sari honek etorkizunera begiratzen dau, Anna Ferrerren ereduak eta lanak hurrengo belaunaldientzat eregi nahi dogun munduaren ezaugarriak proiektetan dituelako: komunidadeen balioa, gizateriaren ikuspegi beti positiboa eta gizaki bakotxa aldaketarako eragile lez autortzea, ganeratu dau Urkulluk.
Garapenerako lankidetzearen Ignacio Ellacuria Saria Eusko Jaurlaritzeak emoten dau, Garapenerako Lankidetzearen Euskal Agentziaren bidez. Sari honek autortu egiten dau bertoko zein beste herrialderen bateko erakundeek, kolektiboek edo norbanakoek herrien arteko bardintasunaren eta justiziaren alde egindako lana.
Anna Ferrer (Essex, Ingalaterra, 1947), batez be, Indian luzaroan egin dauen lanagaitik da ezaguna. Hango komunidade behartsuenen alde ibili da beti, emakumeak bere jardunaren erdigunera ekarriz, Indiako gizartean zuztartuta dagozan ohitura patriarkalen kontra. Vicente Ferrerregaz batera, 1969an Vicente Ferrer Fundazinoa sortu eban, eta horko burua da azken urteotan.
Emakumeak Indiaren aldaketan liderrak izan daitezan ahalegin handia egiten dau Anna Ferrerrek, eta horretarako, hezkuntzearen aldeko ekimenak eta programak bultzatu ditu: osasun arloan bardintasuna sustatzeko, ezkontza goiztiarrak ekiditeko, enpresa-sorkuntzarako edo lidergoa sortzeko, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!