Joana Pocheluk eta Aiora Jakak XV. Vitoria-Gasteiz itzulpen saria irabazi dabe

Bizkaie! 2019-12-04 10:27   Kulturea

Clotilde Perrinen À l’intérieur des méchants euskeratu dabe bien artean.

Saria emoteko ekitaldia, Oihaneder Etxean (argazkia: Gasteizko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz bat eginaz, Vitoria-Gasteiz lehiaketako irabazleei saria emon deutse Udalak. 15. edizino honetan, irabazle bi dagoz, itzulpen saria biren artean eginda dagoalako. Aiora Jaka eta Joana Pocheluk Gaiztoak izeneko liburua plazaratu dabe Maeva argitaletxeagaz, Clotilde Perrin frantziarrak jatorriz frantsesez idatzitako À l'intérieur des méchants-en itzulpena.

Ume eta gazteentzako literaturan euskerara egindako itzulpenak saritzen ditu Vitoria-Gasteiz lehiaketeak. Oihaneder Euskerearen Etxean antolatutako ekitaldira Joana Pochelu joan da, baina Aiora Jaka ez, atzerrian bizi dalako. Gorka Urtaran Gasteizko alkatea izan da ekitaldiko buru.

Itzultzaileen ezinbesteko lana txalotu dau Urtaranek: Euskeraz irakurteko aukerea emoten deuskuzue euskaldunoi. Ganera, kultura bitartekari lanetan be ibilten zarie, beste kulturakaz lotzen gaituzue. Beste hizkuntza, kultura eta sentimenduakaz.

Bestetik, epaimahaiak hizkuntza aberastasuna eta doitasuna nabarmendu ditu Pochelu eta Jakaren itzulpenetik. Ahozko literaturearen esamolde aberatsak ondo txertatu ditue, eta, horregaitik, itzulpen landua da, epaimahaiaren eretxiz. Diplomea eta 9.000 euro jaso ditue irabazleek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu