Ainara Muntek irabazi dau Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Bizkaie! 2019-10-23 13:38   Kulturea

Katalanera itzuli dau Joseba Sarrionandiaren Hilda dago poesia? liburua.

Saria emoteko ekitaldia, Bilbon (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerazko obrak beste hizkuntza batzuetara itzuli daitezan bultzatzen dauen Etxepare-Laboral Kutxa Sariaren bosgarren edizinoaren ebazpena emon dabe Bilbon. Ainara Munt Ojanguren izan da irabazlea, Joseba Sarrioandiaren Hilda dago poesia? katalanera itzultzeagaitik, És morta la poesía? izenburupean. Bartzelonako Pol·len argitaletxeak kaleratu dau.

Ainara Munt ez eze, argitaletxeko arduradun Jordi Panyella egon da Bilboko agerraldian. Harrerea egin deutsie Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak. Euskeratik beste hizkuntzetara egiten diran itzulpenik bikainenak autortu nahi doguz, garrantzitsuak diralako euskeraz sortzen dan kulturea munduratzeko, adierazo dau Zupiriak.

Saria nori emon erabagiteko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalidadea eta argitaletxeak emondako zabalkundea izan ditu kontuan. Itzulpen zaindua eta zehatza izatea, idazleak jatorrizko hizkuntzan bilatutako esanahia katalanez islatzeko jarritako arretea eta jatorrizkoaren musikalidadeari eta efektu adierazkorrari eusteko ahalegina nabarmendu ditu epaimahaiak bere adierazpenean. Argitaletxeari jagokonez, euskal literaturea kataluniarrei hurreratzeko egindako ahalegina txalotu dabe epaimahaikoek.

Etxepare-Laboral Kutxa Sariaren bosgarren edizinoan honeek egon dira epaimahaian: Inaxio Garro, Euskera arduraduna Laboral Kutxan; Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskerearen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria; Jose Manuel Lopez Gaseni, idazlea; Elizabete Manterola, EHUko irakaslea eta EIZIEko kidea; Kizkitza Galartza, Etxepare Institutuko Literatura Teknikaria; eta Mikel Lasa, Etxepare Institutuko komunikazino arduraduna.

Ainara Muntek eta Pol·len argitaletxeak 4.000 euroko saria konpartiduko dabe. Ganera, liburuaren sustapenerako beste 2.000 euro emon deutsiez antolatzaileek. Kataluniako irakurleen artean liburuaren barri zabaltzeko zein Euskal Herrira aurkezpenak egiten etorteko erabili leikie laguntzino hori.

Ainara Munt Ojanguren (Zaragoza, 1975): Aita katalana eta ama euskalduna ditu, eta Bartzelonan bizi izan da gehienbat. Itzulpengintzea eta interpretazinoa ikasi eban Viceko Unibersidadean, eta Kataluniako Itzultzaile eta Interpreteen Erakunde Profesionaleko kide da. Literaturea, saiakerak, ikerketak eta erakusketetako esku-orriak itzuli ditu gehienbat Muntek, baina itzulpengintza zientifiko-teknikoan eta ikus-entzunezkoan be badau eskarmentua.

Hilda dago poesia? sarituaren aurretik, Joseba Sarrionandiaren lan gehiago itzuli ditu katalanera; hain zuzen be, Ni ez naiz hemengoa (Jo no soc d’aquí) eta Moroak gara behelaino artean? (Som com moros dins la boira?). Hilda dago poesia? izan da Sarrionandiari egin deutsan azken itzulpena, eta lan honegaz, besteak beste, Mallorcako Cavall Verd literatura sarietan Rafel Jaume saria irabazi dau Muntek, urteko poesia itzulpen onenaren atalean.

Pol·len Edicions argitaletxea: Argitaletxe independente bat da, Bartzelonakoa. Ekoedizinoaren erispideak jarraitzen ditu, argitalpenen bidez pentsamendu kritikoa eta eztabaidea sustatu asmoz. Narratibea eta saiakerea argitaratzen ditu gehienbat, eta gizarte zientziak, feminismoa eta ekologismoa jorratzen dituen liburu ugari dagoz bertako katalogoan, besteak beste.

Es morta la poesia? liburua Pol·len Edicionsek Pamiela argitaletxeagaz lankidetzan argitaratu dauen Sarrionandiaren hirugarren lana da. Aldez aurretik Som com moros dins la boira? (Moroak gara behelaino artean?) eta Jo no sóc d’aquí (Ni ez naiz hemengoa) argitaratuak ditu, horreek be Ainara Muntek itzuliak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu