Euskal zinemeak leku zabala izango dau Berlinalen

Bizkaie! 2019-02-05 10:12   Zinemea

Sail ofizialean bertoko film bi lehiatuko dira.

'Y encada lenteja un dios' filmaren kartela | Ikusi handiago | Argazki originala

Zezeilaren 7tik 15era egingo dabe Berlinale jaialdia Alemaniako uriburuan, zinemagintzako hitzordu garrantzitsuenetako bat. Zineuskadi erakundeak jakitera emon dauenez, euskal sortzaileek lekua izango dabe jaialdiko hainbat sailetan. Atal ofizialaren parte diran sailetan, esaterako, bertoko film bi emongo ditue.

Horreetako bat, Ion de Sosak eta Chema García Ibarrak zuzendutako La leyenda dorada film laburra Berlinale Shorts sailean proiektauko dabe. Bestetik, Miguel Ángel Jiménezen Y en cada lenteja un dios dokumentala, ostera, Culinary Cinema arloan lehiatuko da. Donostiako Zinemaldian be, izen bereko atalean hartu eban parte.

Jiménezen dokumentalak badauka berezitasun bat. Kiko Moya sukaldariaren bizitzea eta lan profesionala azaltzen ditu eta, Berlineko proiekzinoaren ondoren, filmean oinarritutako menua emongo dau Moyak berak hango jatetxe baten.

Bestetik, produktore, banatzaile eta programatzaileei zuzendutako Marketing Screenings saio profesionaletara beste bost euskal film eroango ditu Zineuskadik: Soinujolearen semea (Fernando Bernues), Basque Selfie (Joaquin Calderon), 70 Binladens (Koldo Serra), Elcano & Magellan (Ángel Alonso) eta Vitoria, 3 de marzo (Víctor Cabaco).

Cinema from Spain gunean be euskal produkzinoen barri emongo dabe. Besteak beste, 50 produkzino batzen dituan katalogoa banatuko dabe. Film horreetatik 17 dagoeneko estreinauta dagoz, 11 produkzino fasean dagoz eta 22 garapen fasean. Euskal Autonomia Erkidegoko 31 produkzino-etxeren lanak dira.

Berlinaleren barruan antolatzen diran topaketa, gogoeta eta mahai-inguruetan be egongo dira euskal zinemagintzearen ordezkariak, sektorea nazinoarteko merkaduan kokatzeko asmoz. Berbarako, hilaren 10ean, networking cocktaila egingo dabe, euskal ikus-entzunezkoetako eragile, erosle, saltzaile eta programatzaileak bertan dirala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu