Amaia Gabantxok irabazi dau aurtengo Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria
2018-09-28 13:28 KultureaCenter for Basque Studiesek argitaratu ditu idazle bilbotarraren itzulpen honeek, edizino bakarrean.
Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazle eta itzultzaileak irabazi dau Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren laugarren edizinoa, Gabriel Arestiren Harri eta herri (Rock & Core) eta Maldan behera (Downhill) lanak ingelesera itzultzeagaitik. Renon dagoan Nevadako Unibersdadeko Center for Basque Studiesek argitaratu ditu idazle bilbotarraren itzulpen honeek, edizino bakarrean.
Aurtengo irabazleak gaur bertan jaso dau saria, Euskadiko Artxibo Historikoan, Bilbon, antolatutako ekitaldian; han izan da Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta itzulpenek euskereari zein euskal kultureari ateak edegiteko daben garrantzia azpimarratu dau: Amaia Gabantxok egin dauen lanari eta, oro har, itzulpenei esker, gure mugez harago eroan geinke geure hizkuntzea, kulturea eta sortzaileen talentua. Itzulpenak oso garrantzitsuak dira euskal kulturea nazinoartekotzeko, hain zuzen be, Etxepare Institutuaren helburu nagusietako bat, adierazo dau.
Saria erabagiteko orduan, epaimahaiak itzulpenaren kalidadea balorau dau, bai eta argitaletxeak egindako sustapen lana be. Gabantxok egindako itzulpenen inguruan, horren egokitasuna nabarmendu dabe, tonuari eta erritmoari eusten deutsolako. Itzulpen librea baina justifikatua dala adierazo dabe, jatorrizko bersinoaren esangureari jarraitzen deutsona. Era berean, aukeratutako itzulgaiaren garrantzia nabarmendu nahi izan dau epaimahaiak: Obra kanonikoa da, balio akademiko handikoa, ingelesera itzulita izatea merezidu dauena. Azkenik, epaimahaikideek azpimarratu dabe lan honek bide luzea egin leikela maila akademikoan.
Sariaren laugarren edizino honetan ondokoek osotu dabe epaimahaia: Inaxio Garro, Euskera arduraduna Laboral Kutxan; Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskerearen Sustapenerako eta Hedapenerako zuzendaria; Juan Garzia, itzultzailea; Elisabeth Manterola, UPV/EHUko irakaslea eta EIZIEko kidea (Euskerazko Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interprete Alkartea); eta Mikel Lasa, Etxepare Euskal Institutuko Komunikazino arduraduna.
Exepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria
Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu eben jatorriz euskeraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira zubia euskal idazleek eta euren lanek nazinoarteko hedapena izan deien. Sari honek itzultzaileen ezkutuko lana nabarmendu nahi dau.
Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitekez sarira, betibe ondorengo baldintzak beteten baditue: aurkeztutako liburua jatorriz euskeraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2017. urtean argitaratutakoa izatea (aurtengo edizinoaren kasuan).
4.000 euroko sari bakarra emoten da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzekoa, izan be, irabazleak nortzuk diran erabagiteko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalidadea, baita literatura-lana argitaratu dauen argitaletxearen sustapen plana be. Era berean, 2.000 euroko laguntzinoa jasoko dabe irabazleek saria jasoten Euskal Herrira etorteko edota literatura-lana argitaratu dan herrialdean sustapen lanagaz (aurkezpenak, publizidade kanpainak, etab.) jarraitzeko.
Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kulturea sustatu eta nazinoartean ezagutzera emoteko lantzen dituan lan arloakaz bat egiten dau. Literaturearen alorrean, itzulpenak egiteko diru-laguntzinoak eskaintzeaz gan, euskal idazleentzat bidaia-poltsak emoten ditu eta nazinoarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen dau. Ganera, sari honen bitartez Laboral Kutxak euskerea eta euskal kultureagazko konpromisoa berresten dau.
Amaia Gabantxo
Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) idazlea, flamenko abeslaria eta euskal literaturan espezializautako itzultzailea da. Lan handia egin dau itzultzaile moduan, eta berari esker itzuli dira ingelesera honako obra honeek: Twist eta Belarraren ahoa (Harkaitz Cano), Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe), Zorion perfektua (Anjel Lertxundi), Vredaman (Unai Elorriaga) edo Borrokaria (Bernado Axaga), bai eta gaur saritutako Harri eta herri eta Maldan behera (Gabriel Aresti), besteak beste. Gabantxo kolaboratzailea da zenbait literatura argitalpenetan, kritikari zein editore legez. Euskera, literatura eta sormen-idazkerea erakusten dau Chicagoko Unibersidadean.
Azken urteetako irabazleak:
2015
Isaac Xubín eta Kalandraka argitaletxea.
Tempo de exilio (Joseba Sarrionandia).
Poesia antologia.
Galegoa.
2016
Nami Kaneko eta Hakusuisha argitaletxea.
Mussche (Kirmen Uribe).
Eleberria.
Japoniera.
2017
Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko.
Behi euskaldun baten memoriak (Bernado Atxaga).
Eleberria.
Ukrainera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!