Max Porter eta Ru Kuwahataren 'Negative Space', Zinebi 59ko irabazle

Dabi Piedra 2017-11-17 13:07   Zinemea

Euskal Zinemearen Sari Nagusia, ostera, Areka-rentzat izan da.

'Negative Space' | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiaren, Zinebiren, 59. edizinoa amaitzear dan ezkero, epaimahaiak bere erabagiaren barri emon dau. Aurtengo ekitaldiko sari nagusia Frantziako Negative Space filmak irabazi dau. Guadalupe Echevarria epaimahaiko ordezkariak azaldu dauenez, film honek hunkitu egin ditu ikusleak: Itxura sinplearen atzean, sorkuntza landua dauka, laburra izan arren, sakona be bada.

Animazinoaren arloan, film laburra da Max Porter eta Ru Kuwahatak zuzendu dau.

Beste alde batetik, aitamen berezi bi egin ditu epaimahaiak: Ghasiedeh Golmakani irandarraren Limbo eta Emilio Ramos eta Lucía Gajá mexikarren Nos faltan. Echevarriaren esanetan, Zinebin zinemea sortzeko askotariko moduak ikusi ahal izan ditue eta, beraz, sari nagusiaz gan, horreek aitamen biak egitea erabagi dabe.

Ganerako kategorietan, Galatée à l'infini film espainiarrak erantzun ona izan dau, Julia Maurak eta Mariangela Pluchinok zuzendua. Izan be, sari bi emon deutsiez: Dokumentalen Urrezko Mikeldia eta Zine Espainiarraren Sari Nagusia. Lantzen dituan gaietan zein teknikan nabarmentzen dala adierazo dau epaimahaiak.

Euskal Zinemearen Sari Nagusia, ostera, Atxurra Taldeak egindako Areka pelikuleak irabazi dau. Zazpi minutu pasautxuko lan horretan, Euskal Herriko memoria historikoa berreskuratzeko ahalegina egiten dau Begoña Vicariok gidatutako taldeak. Gerra Zibilean eta diktaduran desagertutako personen gaia lantzen dau. Epaimahaiaren esanetan, animazino teknika ugari buztartzen ditu, desagerpenen gaia jorratzeko.

Fikzinozko Urrezko Mikeldia Joao Salaviza portugaldarraren Altas Cidades Ossadas lanak eskuratu dau, eta kategoria bereko Zidarrezko Mikeldia, Errusiaren eta Lituaniaren arteko koprodukzinoa dan Moloko-k, Daria Vlasovak zuzendua. Animazinoan, urrea Chintis Lundgren-en Manivald estoniar-kroaziar-kanadar produkzinoak irabazi dau, zidarra Paulo Patricio portugaldarraren Surpresa-k.

Dokumentalen Urrezko Mikeldia Galatée à l'infini-k eskuratu dau eta, Zidarrezkoa, ostera, Jenni Kivistö finlandiarraren Äiti-k. Sail ofizialeko palmaresa biribiltzeko, Alán González kubatarraren El Hormiguero be aitatu behar da, Film Latinoamerikar Onenaren Saria irabazi dau eta.

Epaimahaiko kideak honeek izan dira: Iván Argüello, Renata Gasiorowska, Lola Mayo, Peter Suschitzky eta Guadalupe Echevarría.

Sari gehiago be emon ditue, sail ofizialekoez ganera: Zinebi First Film ataleko Sari Nagusia Austin Lynch eta Matthew Booth estadubatuarrek zuzendutako Gray House-k eroan dau. Proposamen barritzailea dakar film horrek, Zinebi First Filmeko epaimahaikide Haritz Zubillagak azaldu dauenez. Alemania eta Austriaren arteko koprodukzino bati aitamen berezia egin deutsie, Ali Soozandeh-ek zuzendutako Tehran Tabu-ri. Baita Hellena Wittmann alemaniarraren Drift lanari be. 

Palmaresa hemen.

 

Epaimahaiko kideak, sarituen barri emoteko unean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu