Lehiaketak, topaketak eta proiekzinoak dakarz Pre-Zinebik

Bizkaie! 2017-10-30 10:19   Zinemea

Zemendiaren 3tik 10era bitartean egingo dabe aurtengo edizinoa.

Dokumentalen eta film laburren nazinoarteko jaialdia, Zinebi, zemendiaren 10ean hasiko da, baina motorrak berotzen hasteko egitaraua atondu dabe horren aurretik, Pre-Zinebi izenburupean. Besteak beste, Zinebi Express lehiaketea sartu dabe egitarauan, baita zinemagintzeagaz lotutako beste jarduera ugari be. Bilboko ikus-entzunezkoen sektorea osotuten daben profesional, erakunde, talde eta prestakuntza zentroei lekua egitea da helburu nagusia.

Pre-Zinebi barikuan, hilaren 3an, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Bilboko Campos antzokian. Zoe Berriatua aktore, gidoilari eta zuzendariak Los héroes del mal pelikulearen ganean egingo dau berba, eta bertaratzen diranakaz barriketaldia egingo dau gero. Era guztietako irainak eta erasoak jasaten dituen nerabe batzuen historia kontetan dauen film horri esker, Goya sarietarako 14 izendapen izan zituan Berriatuak.

Zinebi Express sariketea, ostera, zapatuan, hilaren 4an, hasiko da. Parte hartu nahi dabenak goizean goiz alkartuko dira eta orduan emongo deutsiez pelikula bana egiteko jarraibideak. 48 orduan entregau beharko ditue lanak. Dagoeneko hamar urte bete ditu lehiaketa berezi honek eta, antolatzaileen ustez, Bilboko txoko izkutuak erakusteko eta zinemagintzarako uriak eskaintzen dituan aukerak aztertzeko aproposa da. Sariak hilaren 9an banatuko dira, Azkuna Zentroan.

Zapatuan, hilaren 4an, Sara Gómez zinemagile afro-kubatarrari eskainitako proiekzinoa egongo da, Lola Calviñok gidatuta. 1974an hil zan Gómez eta gaur egun oso ezaguna ez dan arren, Kubako iraultzea eta feminismoa ulertzeko ezinbesteko begiradea da berea.

Bestetik, Zinebi New Talent dalako ekimenean, Bilboko zinema-eskoletako eta formakuntza zentroetako ikasleek egindako ikus-entzunezko lanak proiektauko dira, saio bitan: Zemendiaren 6an eta 8an, Campos antzokian. Film labur onenari 1.000 euroko saria emongo deutsie eta Zinebiren inaugurazino ekitaldian emongo dabe.

Hain zuzen be, inaugurazino ekitaldi horregaz bat etorriko da, zemendiaren 10ean, Pre-Zinebiren amaiera jaia. Bilboko Kafe Antzokian jarri dabe hitzordua, 22:30ean, Arriaga antzokian nazinoarteko zinemaldiaren hasierako ekitaldia martxan dagoan artean. Kafe Antzokiko saioan, Caostica alkartearen laguntzinoagaz, 1970eko hamarkadan ezagun egin zan kinkien zinemeari omenaldia egingo deutsie.

Pre-Zinebiren egitarau osoa, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu