Jorge Guerricaechevarria eta André Szankowski Zinemaldiko epaimahaikide izango dira
2017-09-18 13:19 ZinemeaSavina Neirottik, ostera, Zabaltegi-Tabakalerako epaimahaian parte hartuko dau.
Donostiako Zinemaldiari ekiteko azken prestakuntzak egiten dabiz antolatzaileak, hilaren 22an hasiko dalako aurtengo edizinoa. Sail ofizialeko epaimahaikide gehienen izenak lehendik iragarrita egon diran arren, azken biak faltau izan dira eta gaur emon dabe datu hori. Jorge Guerricaechevarria gidoilaria eta André Szankowski argazki zuzendaria egongo dira epaimahai ofizialean.
Eurekaz batera, Dolores Fonzi eta Emma Suárez aktoreak, William Oldroyd zinemagilea eta Paula Vaccaro produktorea dagoz Sail Ofizialeko epaimahaian, John Malkovich aktore eta zuzendari amerikarra epaimahaiburu dala. Fabio Cianchetti be bertan egotekoa zan, baina konpromiso profesionalakaitik ezin izango dau Donostiara etorri eta, hain zuzen be, Szankowskik hartuko dau haren lekua.
Jorge Guerricaechevarria Euskal Herriko gidoigilerik arrakastatsuenetako bat da, Alex de la Iglesia bilbotarraren alboan hasitako ibilbide oparo bati esker. Goya saria emon eutsien Celda 211 filmeko gidoiagaitik. El día de la bestia, La comunidad, Las brujas de Zugarramurdi, Carne Trémula eta Cien años de perdón pelikula ezagunetan parte hartu dau.
André Szankowski portugaldarrak be ekarpen handia egin dau azken urteotako zinemagintzan. Bera argazki zuzendari dala egindako hainbat film Donostiako Zinemaldian bertan ikusi ahal izan dira, adibidez Casanova variations. Ganera, Raúl Ruiz zuzendariak zidarrezko maskorra irabazi eban Mistérios de Lisboa lanari esker eta bertan parte hartu eban Szankowskik.
Beste alde batetik, Zabaltegi-Tabakalera atalean, Savina Neirotti izango da epaimahaiko kideetako bat. TorinoFilmLab ekimeneko zuzendari exekutiboa eta Venice Production Bridge-ren arduraduna da. Beragaz batera egongo dira Zabaltegiko epaimahaian Carla Simón eta Calmin Borel.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!