Sei film Zinema Eraikitzen atalean
2017-08-17 10:57 ZinemeaMaría Alche, Nicolás Buenaventura, Armando Capó, Leandro Lara, Rubén Mendoza eta Aly Muritiba zuzendarien lan bana dira.
Donostiako Zinemaldiaren barruan, irailaren 25etik 27ra egingo dabe Zinema Eraikitzen saila. Latinoamerikako zinemagintzeari laguntzeko programea da, Cinélatino eta Rancontres de Toulousse erakundeakaz alkarlanean antolatua. 2012tik, talentu barrien nazinoarteko plataforma bihurtu da eta Latinoamerikako ikus-entzunezkoen erreferentzia.
Hogei herrialdetako 149 pelikula aurkeztu ditue aukeraketara eta horreetatik sei erakusteko asmoa dago Donostian: Agosto, Armando Capórena (Costa Rica - Kuba - Frantzia); Ferrugem, Aly Muritibarena (Brasil); Kairos, Nicolás Buenaventurarena (Frantzia - Kolonbia); Familia sumergida, María Alcherena (Argentina – Brasil – Alemania); Niña errante, Rubén Mendozarena (Kolonbia - Frantzia) eta Rodantes, Leandro Lararena (Brasil - AEB).
Zinema Eraikitzen Industria saria, Film Factory Saria eta Zinema Eraikitzen CAACI/Ibermedia TV Saria banatuko ditue parte-hartzaileen artean. Pelikulak nazinoartean zabaltzeko erraztasunak emongo deutsiez irabazleei.
Zinema Eraikitzen sailean parte hartuko daben zuzendarietako batzuk aurretik be izan dira Donostiako Zinemaldian; berbarako, Armando Capóren Agosto proiektuak III. Europa-Latinoamerika Koprodukzino Foroan proiektu onenaren EGEDA saria irabazi eban.
Bestetik, Aly Muritibaren Para minha amada morta I. Koprodukzino Foroaren aukeraketan sartu zan. Muritiba barriro bueltau zan Koprodukzino Forora 2016an, Barba ensopada de sangue proiektua aurkezteko.
Ganera, aurreko urteetan Zinema Eraikitzen aukeraketako parte izan diran hainbat film aurtengo Zinemaldiko beste sail batzuetan ikusi ahal izango dira: berbarako, Horizontes Latinos sailean proiektauko ditue Alexandra Latisheven Medea, Adrián Biniezen Las olas eta Santiago Estevesen La educación del rey.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!