‘The Square’ filmak Zinemaldiko Zabaltegi saila edegiko dau
2017-08-03 13:42 ZinemeaPerlak sailean, barriz, Ilkidó Enyedi zinemagilearen Teströl és lékekröl fabulea ikusi ahal izango da.
Urteko film garrantzitsuenetako batzuk osotuko ditue Donostiako Zinemaldiko Perlak eta Zabaltegi sailak. Holan, The Square filmak, Ruben Östlund zuzendari suediarraren azken lanak, hasierea emongo deutso Zabaltegi-Tabakalera sailari; Canneseko azken zinema-jaialdian Urrezko Palmea irabazi eban lan honek.
Honezaz gan, beste film batzuk be lehiatuko dira Zabaltegin: Philippe Garrel-en L’amant d’un jour eta Kantemir Balagov-en lehen lana, Tesnota; azken hau Un Certain Regard sailean aurkeztu eben. Ganera, sail horretan egongo dira Felix Viscarret zuzendariaren Saura(s) filma, Gustavo Salmeron-en Muchos hijos, un mono y un castillo; João Moreiraren No intenso agora dokumentala; eta Juan Cavestanyk eta Alvaro Fernandez Armerok idatzi eta zuzendutako Vergüenza telesaila. Azken hau, Zabaltegin erakutsiko dan lehenengo telesaila da.
Perlak sailean, bestalde, Ilkidó Enyedi hungariar zinemagilearen Teströl és lékekröl fabulea Donostia Uria Publikoaren saria irabazteko lehiatuko da, Andrey Zvyagintsev zinemagile errusiarraren Nelyubov eta Robin Campilloren 120 battements par minute lanakaz batera.
Horreez gan, Wonderstruck, ikusleek emondako saria, eskuratzeko lehian izango dira Todd Haynesek zuzendutako Brian Selznick-en ipuinaren moldaketea eta Sundancen estreinautako film bi: Michael Showalter-en The Big Sick eta Luca Guadagninoren (A Bigger Splash) Call Me By Your Name. Pasa dan astean iragarritako Loving Pablo koprodukzinoak itxiko dau Perlak saila.
Hurrengo asteetan jakinarazoko ditue sail bi horreetako ganerako filmen izenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!