FANT jaialdira 10.000 ikusle baino gehiago joan dira
2017-05-17 08:58 ZinemeaFantasiazko eta Bildurrezko Bilboko Zinemaldiak hazten segiduten dau, proiektautako pelikulen zein batutako publikoaren kopuruetan.
Aurreko urteetan jazo zan legez, FANTen 23. edizinoak errekorra ekarri dau ikus-entzuleen zenbakian. Bilboko Udalak zabaldutako datuaren arabera, jaialdiko proiekzinoetara 10.064 lagun joan dira, hau da, igaz baino % 9 gehiago, zinemaldiaren historian inoizkorik gehien. Horrezaz gan, jarduera osogarrietan beste 1.770 lagunek parte hartu dabe.
Gorako bidean da FANT. Ikus-entzuleen kopuruaren errekorraz gan, aurtengo edizinoan sekula baino proiekzino-ordu gehiago antolatu dira. 50 proiekzino baino gehiago egon dira egitarauan eta, antolatzaileen esanetan, gehienetan aretoak bete egin dira. Esate baterako, sarrera guztiak agortu ziran Eduardo Casanovares Pieles filmaren estreinaldian (inaugurazino ekitaldian), Sail Ofizialeko La noche del virgen pelikulearen proiekzinoan eta Chicho Ibáñez Serradorren La Residencia-ren emonaldi berezian.
Hainbat ataletan, proiekzino gehienetan sarreren % 80 baino gehiago saldu dira. Esaterako, Panorama Fantastikoan, film laburren emonaldietan eta Sail Ofizialean bertan. Trailer faltsuen lehiaketeak be harrera bikaina izan dauela dinoe antolatzaileek.
Beste alde batetik, Pre-FANT zikloa egin zan jaialdiaren aurretik, eta horra be 1.114 ikusle joan ziran, hau da, 2016an baino 400 gehiago. FANT Eskola saioetan, ostera, 1.566 ikaslek parte hartu dabe.
FANT nazinoarteko zinemaldiaren 23. edizinoa maiatzaren 5etik 12ra egin da. Yeong Sang-Ho korearraren Seoul Station izan da sari nagusiaren irabazlea. Justo Ezenarro Bilboko Udaleko ordezkariak adierazo dau, jaialdia sendotzen segidu nahi dabela eta urte bi barru, 25. edizinoan, zeozer berezia egin nahi leukiela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!