Yeon Sang-Ho korearraren 'Seoul station' filmarentzat FANTeko sari nagusia

Bizkaie! 2017-05-12 12:46   Zinemea

Ganera, Bilboko Fantasiazko Zinemearen Jaialdiak FANTastikoaren Izarra ohorezko saria emongo deutso Barbara Crampton antzezleari.

FANTeko epaimahaikideak eta Bilboko Udaleko Justo Ezenarro, sariak iragartzeko agerraldian | Ikusi handiago | Argazki originala

FANT jaialdiaren 23. edizinoko epaimahaiko hiru kideek agerraldia egin dabe Bilboko udaletxean, aurtengo sarituen barri emoteko. Elio Quirogak, Miguel Ángel Vivasek eta Melina Matthewsek adierazo dabenez, kalidade handiko pelikulak egon dira eta gatxa izan da irabazlea aukeratzea. Azkenean, baina, Hego Koreako Yeon Sang-Ho zuzendariaren Seoul station animazinozko lanari emon deutsie sari nagusia. 

Epaimahaikideen esanetan, animazinozko pelikulei sari nagusiak emotea gero eta ohikoagoa da eta, beraz, euren erabagia ez da harrigarritzat jo behar. Sail ofizialerako aukeratu badabe zeozergaitik izango da, guk film guztiak bardin aztertu doguz, zehaztu dabe. Ganera, Yeon Sang-Ho arrakasta oparoa lortu dauen egilea da. Esate baterako, Train to Busan aurkeztu eban 2016an, adituen oneretxia jaso eban filma. Hain zuzen, horren prekuelea da Seoul station.

Melina Matthewsen esanetan, animazinoaren estereotipoetatik urteten dauen filma da Seoul station. Hego Koreako uriburuko geltoki nagusian kokatutako istorioa da. Mutil batek bertan bilatuko dau babeslekua edo ihesbidea, neska-lagunak itxi egin dauelako. Baina geltokian eskale-zonbien talde batek eraso egingo deutso.

Ganerako sarituei jagokenez, Film Labur Onenaren epaimahaiaren saria Kanadako David Uloth-ek zuzendutako La voce lanak eskuratu dau. Publikoaren saria Espainiako Julián Merinoren The App-entzat izan da.

Bestetik, Euskal Film Labur Onenaren saria Mar González Ruiz de Larramendik irabazi dau. Bestealdetik pelikulan apustu estetiko arriskutsua egin dau autoreak, Matthewsen esanetan. Euskal zinemagileen ataleko maila bikaina azpimarratu dabe epaimahaikideek. Euren esanetan, alderdi teknikoan zein sormenaren alorrean, goi mailako produktuak aurkeztu ditue, asko sail ofizialean egoteko modukoak.

Sail ofizialeko gidoirik onenaren garaikurra Billy O'Brien-i emongodeutsie, I am not a serial killer lanagaitik. Euskal Gidoilarien Alkarteak emoten dau sari hori. Zuzendaritza Barritzaileenaren saria Nicolas Pesce amerikarrak irabazi dau, The eyes of my mother pelikuleagaitik. Hau FAS Zineklubak emoten dau. 

Horrezaz gan, aurten lehenengo aldiz, FANTastikoaren Izarra saria banatuko dau jaialdiak; Ohorezko sari horrek genero fantastikoan egindako ibilbide osoa aintzatetsi nahi dau, eta Barbara Cramptonek (New York, 1958) jasoko dau. Telebistako hainbat saiotan lan egin ondoren, Crampton Brian de Palmaren esanetara ibili zan 1984an Body double lanean. Baina generoko zinemazaleen artean ezagun egin eban lana, Re-animator (1985) filmean Stuart Gordonen esanetara egindakoa izan zan. Bildurrezko zinemearen klasiko moderno horren ondoren, generoari oso lotuta jarraitu eban, Re-sonator (1986), Trancers 2 (1991), Robot Wars (1993) edo Space Truckers (1996) lako lanakaz.

2011n, You’re Next lanean ibili ondoren, Rob Zombie, Adam Wingard edo Ti West lako zinemagile belaunaldi barriak antzezlea berreskuratu dau, eta bildurrezko zinemearen gorengo mailara eroan dau barriro. Barbara Cramptonek zinemaldiaren amaiera ekitaldian jasoko dau bere FANTastikoaren Izarra saria, eta Jackson Stewartek zuzendu dauen Beyond the Gates bere azken filma aurkeztuko dau.

FANTek Zinemaldiko Ohorezko bigarren FANT Saria be emongo deutso amaiera ekitaldian Pedro Rivero zinemagile bilbotarrari. Orain arte Goya sari bi irabazi ditu, animazinozko Birdboy film laburragaz eta, aurten bertan, Animazinozko Film Onenaren Goya Saria, Psikonautak, ume ahaztuak lanari esker.

Palmaresa, osorik, hemen.

Gaur, barikua, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Kale Nagusiko BBK Aretoan, ospatuko dan zinemaldiaren amaiera ekitaldian sariak banatuko ditue eta Carles Torrensen PET filma (Espainia, 2016) eskainiko da. PET, aspaldiko neska-laguna topau dauen eta beragaz obsesionetan hasten dan gizon bati buruzko thriller psikologikoa da. Obsesino hori dala eta, neska-lagun ohia bahitu eta lan egiten dauen animalien babeslekuaren azpian izango dau urten ezinik. Carles Torrens Bartzelonan jaio zan 1984an. AEBetan ikasi eban, eta bertan Chapman University izenekoan graduau zan. Bere lehenengo film luzea Emergo (2011) izan zan, eta Sequence (2013) film laburrak saria jaso eban FANTen.

Nekane Alonso zinegotzia, Barbara Crampton eta Justo Ezenarro

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu