Juanba Berasategiren azkenengo filma bagilaren 2an estreinauko da
2017-05-08 13:11 ZinemeaApirilean hil zan Berasategi. Nur eta herensugearen tenplua izan zan haren azken proiektua eta datorren hilean helduko da aretoetara.
Toti Martinez de Lezea idazleak sortutako Nur personaia zinema-aretoetan ikusi ahal izango da bagilean, izan be, Juanba Berasategiren zuzendaritzapean sortutako filman, neskato hori da protagonista nagusia. Zelan ez, marrazki bizidunetako pelikulea da Nur eta herensugearen tenplua, genero horretan egindako lanagaitik egin zan Berasategi ezagun. 1970eko hamarkadatik, euskerazko animazinozko zinemearen aitzindaria izan zan pasaitarra.
Lotura Films etxearen eskutik dator Nur eta herensugearen tenplua. Toti Martinez de Lezearen izen bereko nobelea oinarri, Eneko Olasagastik idatzi dau gidoia. Juanba Berasategik zuzendu dau eta Imanol Zinkunegi izan da animazino zuzendaria. Joserra Senperenaren musikea be badakar pelikuleak.
Juanba Berasategik berak sortu eban Lotura Films 1992an, eta hainbat lan kaleratu ditue, besteak beste, Barriola, San Adriango azeria (2008) eta Tormesko itsu mutila (2012), baita Goya sarietako izendapena jaso eben Ahmed Alhambrako printzea (1997) eta Alhambrako giltza (2003) film luzeak bere. Miren Berastegi produkzino etxeko eta Nur pelikulako lantaldeko kideak adierazo dauenez, Juanba Berasategi joan dan arren, harek eregitako bidean lanean jarraitzeko asmoa dogu: ikus-entzunezkoak Euskal Herrian eta euskeraz produziduten.
Bederatzi urte dira Martinez de Lezea idazleak Nur ipuin bildumako lehen alea idatzi ebanetik, eta oraintsu iragarri dau kaleratzear dauela hamahirugarrena. Idazlearen lobea da Nur, eta Txinara bizitera joan zanean hasi zan gaztearen abenturak idazten. Baina lobeari emoteko liburu bakarra izan behar zana hamabi aleko ipuin sorta arrakastatsua da orain; horreetako bat pantailaratzeko agindu eutson Berasategik.
Martinez de Lezearen eretxiz berezia da Nur eta Herensugearen tenplua, fantasiaz beterikoa, baina, era berean, erreala. Bertako sinismenetan agertzen diran dragoiak eta Euskal Herriko mitologiakoak be nahastau dodaz.
Kontuak kontu, Lotura Filmseko kideek gaztelaniazko bersinoa be sortu dute, eta Espainiako eta Kataluniako zinemetan be egingo dute estreinaldia, egun berean.
Filmaren laburpenari jagokonez, Nur neskatoa Txinara doa bizi izaten film honen hasikeran. Han lagun barriak egingo ditu, baina, hareetako baten urtebetetzea ospatzen dagozala, hau desagertu egingo da. Nurrek abenturaz eta ezustez betetako bideari ekingo deutso, lagunaren bila, eta labirinto baten sartuko da.
Azken buruan, trailerra ikusgai dago dagoeneko, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!