Juanba Berasategi zinemagilea hil da
2017-04-28 12:44 ZinemeaMarrazki bizidunetako filmak euskeraz egiten aitzindaria izan zan Berasategi, esaterako Kalabaza tripontzia. 66 urtegaz hil da.
Euskerazko sorkuntzearen eta zinemagintzearen eragile handienetako bat izan zan Juan Bautista Berasategi. 1970eko hamarkadan hasita, bide barriak zabaldu eutsazan euskerazko zinemagintzeari. Era askotako ikus-entzunezko produktuetan ibili zan, baina marrazki bizidunetan nabarmendu zan. Euskeraz ez eze, gaztelaniaz be egin zituan film batzuk.
Ekialdeko izarra film laburra izan zan Juanba Berasategiren lehenengo pelikulea, 1977koa. Euskeraz egindako animazinozko lehenengo lana izan zan hori eta Donostiako Zinemaldian proiektau zan. Euskal dokumentalak bultzatzeko Ikuska proiektuan parte hartu eban, 1980an, Nafarroan euskerearen egoerea zein zan azaltzen eban pelikula bat eginaz.
Kalabaza tripontzia da, beharbada, Juanba Berasategik egindako pelikulen artean, euskal ikus-entzuleen artean ezagunena eta eraginik handiena izan ebana. Euskal kondairetan oinarritutako film hori 1985ean plazaratu eban. Hau da, animazinozko lehenengo film luzea izan zan euskeraz. Estreinalditik hiru hamarkada pasauta, euskal ikus-entzunezkoen historian leku nabarmena dauka oraindino Kalabaza tripontzia-k.
Marrazki bizidunetako lan gehiago be egin zituan Berasategik: Pernando Amezketarra, Ipar haizearen erronka, Alhambrako giltza eta abar. Lazkao Txiki eta Txirrita telesailak be haren ardurapean egon ziran. Era berean, produktore ibili zan eta Euskal Produktoreen Alkarte Independenteko presidente izan zan 1990eko hamarkadan. Era berean, marrazkilaria be izan zan Berasategi, liburuetako azalak zein kartelak egiten. Donostiako Zinemaldiak Zinemira saria emon eutsan 2013an.
Asteotan gaixorik egon da Juanba Berasategik. Iturri batzuen arabera, minbizia topau eutsien medikuek. Gaur, barikua, hil da. 66 urte eukazan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!