Bernardo Atxagaren 'Xola eta Ameriketako izeba' eslovenierara itzuli dau Barbara Pregelj-ek
2017-04-07 08:09 KultureaItzultzaile berriak programeari esker Euskal Herrian egonaldia egin eban Pregelj-ek, euskeraz ikasteko. Esperientzia haren ondorioa da Xola in teta iz Amerike.
Etxepare Euskal Institutuak, Donostia 2016k eta EIZIEk antolatu eben Itzultzaile berriak egitasmoa 2016an. Atzerriko hainbat itzultzaile Euskal Herrira ekarri eta euskeraz ikasteko aukerea emon jaken programa horren bidez. Holan, Barbara Pregelj esloveniarra eta beste itzultzaile batzuk Zornotzako barnetegian egon ziran sei hilez. Bulgariatik, Lituaniatik, Poloniatik eta abar etorri ziran itzultzaileak Zornotzara, sei hileko egonaldietara. Egonaldi laburrago batzuk be egon ziran, beste herrialde batzuetako itzultzaileakaz.
Programearen helburua zan, beste herrialde batzuetan euskal literaturea ezagutzera emotea eta, ahal izan ezkero, euskal literaturako lan nabarmen batzuk beste hizkuntza batzuetara itzultzeko oinarria jartea. Bigarren helburu hori orain hasi da beteten. Izan be, sei hileko egonaldietan parte hartu eben guztiek daukie euskerazko lanak euren hizkuntzara itzultzeko asmoa, baina Pregelj izan da helburu hori bete dauen lehenengoa.
Nova Gorica uriko unibersidadean, Eslovenian bertan, irakaslea da Barbara Pregelj, eta itzultzailea be bada. Umeen literaturea da bere espezialidadeetako bat eta, Euskal Herrira etorri zanean, Bernardo Atxagaren ipuinak eta narrazinoak ezagutu zituan. Zornotzan egoala erabagi eban Atxagaren lanen bat itzultzea. Xola pertsonaiaren istorioak aukeratu zituan.
Xola txakurraren abenturen artean, laugarrena da Xola eta Ameriketako izeba. Eslovenieraz Xola in teta iz Amerike dau izenburua. Barbara Pregelj-ek hainbat lan literario itzulita ditu eslovenierara, gaztelaniatik, galizieratik eta katalanetik. Euskeratik eslovenierarako lehenengo itzulpena dau Atxagaren hau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!