Familia osoarentzako programazinoa Bilboko zortzi barrutietan, Kultur Gabonak egitasmoari esker
2016-11-22 08:29 KultureaDobako 120 ikuskizun dagoz egitarauan: Magia, antzerkia, kontzertuak, zinema eta erakusketak, besteak beste. Bilboko Udalak antolatzen dau Kultur Gabonak.
Gabonetako programazinoaren barruan, ondo finkatutako hitzorduak sartu ditue, urte guztian martxan egoten diranak. Nabarmenenak Expodistrito, Dantza Plazetan eta Bilboko Zirkuitua dira. Horrezaz gan, Gabon sasoirako beren-beregi antolatutako ekitaldi ugari be izango dira hurrengo asteetan. Kulturea eta astialdiko aukerak auzo guztietara eroatea da Kultur Gabonak programearen helburua eta, horregaitik, uriko zortzi barrutietan eratu ditue ikuskizunak.
Euskereak leku handia izango dau programazinoan, Bilboko Udalak azpimarratu dauenez. Horren erakusgarri, Deustuko Barrutian antolatuko daben Kultura Barra. Euskerazko hainbat proposamen batuko ditu ekimen horrek. Bertsolariak magia, antzerkia, zinema eta solasaldi literarioak dagoz tartean. Udalak kontuan hartu dau proportzinoan euskaldunik gehien daukan barrutia dala Deustukoa.
Aitatzekoa da, era berean, Gabonetako giroagaz bat eginaz, abesbatzen kontzertuen zikloa egingo dala hainbat auzotan. Otxarkoagan, ostera, Nagusientzako Antzerki eta Abesbatza Hamabostaldia antolatu dabe, abenduaren 12tik 23ra. Bost antzerki taldek eta hamabost abesbatzak parte hartuko dabe.
Fermin Muguruza musikariak zuzendutako dokumentalen proiekzinoa egongo da Santutxun, euskerazko azpitituluakaz, zemendiaren 30ean hasita. Egunik Laburrena zikloko proiekzinoak, ostera, Castaños, Zurbaranbarri, San Frantzisko, Barrainkua, Errekalde eta Basurtuko udaltegietan egingo dira, baita Santutxukoan bertan be.
Ekitaldi gehienak udaltegietan edo udalaren egoitzetan izango dira, baina aire zabaleko ekitaldiak be antolatuko ditue, adibidez kale animazinoa. Edozelan be, Bilboko Udalak gogora ekarri dau ekitaldi guztiak dobakoak dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!