Ikus-entzunezko euskal ondarea erakutsiko dau Euskadiko Filmategiak martiko programazinoan
2016-03-02 14:44 BarriakEuskadiko Filmategiak Tabakalerako egoitza barria dauenetik, lehen aldiz proiektauko ditu erakundeak konserbetan dituan ikus-entzunezko gordailuak. Martian Euskal ondarea pantailara izenburupean bost film erakutsiko dira lau saiotan banatuta.
Euskadiko Filmategiak Tabakalerako egoitza barria dauenetik, lehen aldiz proiektauko ditu erakundeak konserbetan dituan ikus-entzunezko gordailuak. Martian Euskal ondarea pantailara izenburupean bost film erakutsiko dira lau saiotan banatuta.
Euskadiko Filmategiak, bere sorreratik, euskal ikus-entzunezko ondarea jaso, gorde, konserbau, sailkatu eta jagoteko ardurea izan dau. Halan da be, egoitza barria eta zinema aretoa dauen momentutik, ondare hori erakustera be behartuta dago. Orain arte zinema klasikoari (Mitxelenarenak), zuzendari bati (Víctor Erice) edo gai zehatz bati (Katrina, hamar urte ondoren) eskaini bajakoz zikloak, martian euskal ikus-entzunezko ondareak hartuko dau Tabakalerako zinema-aretoaren pantailea.
Igaz hildako Pío Caro Baroja zuzendariaren Navarra, las cuatro estaciones (Pío Caro Baroja, 1971) filma ikusi ahal izango da. Euskal folkloreari eta etnografiari buruz egin zituan filma gogoangarriak dira El carnaval de Lanz edo Gipuzkoa lekuko. Zikloa hasteko, Nafarroari buruz egin eban filma izango da proiektauko dana. Nabarmentzekoa da, Julio Caro Baroja anaia izan ebala gidoilari lanetan.
José Antonio Sistiaga margolaria izango da ondareari eskainitako zikloaren bigarren saioko protagonista Ere erera baleibu izik subua aruaren (José Antonio Sistiaga, 1968-1970) filma ikusi ahal izango da martiaren 10ean. Donostia 2016 Fundazinoagaz eta San Telmo Museoagaz alkarlanean antolatutako proiekzinoa izango da. Eskuz margotutako 108.000 fotogramaz dago osotuta filma. Teknika horregaz egindako film antzindarietako bat izan zan eta lehenengo film luzea.
Martiaren 17an, zinemagile amateurrei omenaldia egingo jake Iñigo Kintana zuzendariaren MAQ, generación 8mm. filmaren estreinaldiagaz. Bere aita danari, Miguel Ángel Quintanari omenaldia dan film honek, belaunaldi berean 8mm. eta Super-8mm. formatuetan zine amateurra egin eben zinemagileei be gorazarre egiten deutse.
Ondarearen ganeko zikloa amaitzeko film bi aukeratu ditue; alde batetik, Sinfonía Vasca (Adof Trotz, 1936). Gerra Zibila hasi aurretik Euskal Herrian errodautako azken filma dan hau galdutzat emoten zan. Zorionez, Andoni Elezcano ikertzaileak Filmoteca Españolako artxiboan topau eban 2013an. Film labur hau izango da martiaren 31ko lehen zatia. Beste aldetik, igaz estreinautako Gure sorlekuaren bila (Josu Martínez, 2015) filma ikusi ahal izango da. Josu Martinez zinema zuzendari eta ikertzaileak euskeraz egindako lehen filma egiteko izan zituan gorabeherak kontetan dituan dokumentala da.
Proiekzino guztiak Tabakalerako zineman 19:00etan izango dira eta sarrereak 3,50 euroko prezioa izango dau. 25 urtetik beherako gazteek, proiekzino egunetan 18:30etik aurrera, txartel-leihatilan nortasun agiria erakutsita dobako sarrerea izango dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!