Euskal ordezkaritza zabala Berlinalen

Bizkaie! 2016-02-11 11:42   Barriak

Basque Audiovisual, ikus-entzunezko euskal sektorearen markea, Berlinale, Berlingo Nazinoarteko Zinemaldian izango da, Eusko Jaurlaritzearen eta Zineuskadiren eskutik. Gaur hasi eta zezeilaren 20ra bitartean, ikus-entzunezko 32 euskal proiektuk osotzen daben katalogo zabala aurkeztu eta ezagutarazoko da nazinoarteko zinema jaialdirik nagusienetako honek eskaintzen dauen erakusleihoan.

Basque Audiovisual, ikus-entzunezko euskal sektorearen markea, Berlinale, Berlingo Nazinoarteko Zinemaldian izango da, Eusko Jaurlaritzearen eta Zineuskadiren eskutik. Gaur hasi eta zezeilaren 20ra bitartean, ikus-entzunezko 32 euskal proiektuk osotzen daben katalogo zabala aurkeztu eta ezagutarazoko da nazinoarteko zinema jaialdirik nagusienetako honek eskaintzen dauen erakusleihoan. 22 produkzino etxeren lanak dira, dokumentalak edo fikzinozko film luzeak gehien bat, eta oso  fase desbardinetan dagozanak (amaituta batzuk, garapenean, produkzinoan edo postprodukzinoan sartuta beste batzuk), baina euren lanetarako koprodukzino aukerak, banaketa edo salmentarako kontaktuak bilatzeko modua izango dabe guztiek.

Helburu horretarako, lan-agenda ondo lotuta daroa euskal ordezkaritzeak Berlinalera. Eusko Jaurlaritzeak match maker edo aholkulari bat ipini dau Berlinen izango diran ikus-entzunezko sektoreko profesional horreen guztien esku. Figura honek, jaialdiak iraungo dauen egunetarako, nazinoarteko profesionalakaz agenda profesional betea osotu deutse euskal ordezkariei, Berlinera daroezan proiektuetarako koprodukzino, banaketa edo salmenta bideak topetako lana errazteko asmoz.

Hartu-emon horreetarako, gainera, Euskadik bere espazio fisiko propioa edo lanerako gunea izango dau European Film Marketen, Berlinalen industriari eskaintzen jakon plaza ezagunean. Hartu-emonetarako, lan-bileratarako edo aurkezpenetarako egokitutako espazioa izango da.


Basque  Audiovisual  katalogoa  osatzen  duten  zenbait  proiekturen  irudiak jasotzen dituen bideoa (5 minutukoa), eskuragarri dago Vimeon: https://vimeo.com/153481093



Errodajeak erakartea

Bilboko, Donostiako Eta Gasteizko Film Commissionegaz alkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoan zinema errodajeetarako dagozan lokalizazinoen barri be emongo da Berlinalen. Azken ekimen honen helburua da kanpoko produktoreek eta zinema zuzendariek gure lurraldea aukeratzea filmak errodatzeko garaian. Horretarako, lokalizazinoak erakusteaz gan, EAEak eskaintzen dituan abantailen barri be emongo da: abantaila fiskalak, baliabide profesionalak, industria- azpiegiturea, ikus-entzunezko zerbitzuak...


Glocal Cinema: big stories, small countries

Donostiako Zinemaldian hasi zan egitasmoaren bigarren saioa egingo da Berlinalen. Glocal Cinema: big stories, small countries izeneko manifestua sinatu eben 15 herrialde eta eskualdetako institutu zinematografikoetako ordezkariak barriro batuko dira, etorkizuneko bide-orria zehazteko asmoagaz, tartean Clara Montero Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria eta Ainhoa González Europa Creativa Desk MEDIA Euskadiko arduraduna. Bilerea zezeilaren 16an izango da.

Aitatu manifestua sinatu ebenen helburua hizkuntza ez hegemonikoetan egiten dan zinema produkzinoa sustatzea da. Donostiako bileran esperientziak trukatu eta kooperazio bideak garatu ostean, lehen bilera horri jarraipena emongo jako Berlinalen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu