Angela Davis konbidau nagusi dala, kartzeleari buruzko jardunaldiak egingo ditue Bilbon
2016-02-01 13:41 jardunaldiakZezeilaren 5etik 7ra egingo dabe Bilbon Emakumea eta kartzela izenburuko topaketea, GITE-IPES alkarteak antolatuta eta beste talde eta norbanako askoren babesagaz. Berbaldiak eta ikastaroak egongo dira. Espetxeari buruzko gogoetea egin eta alternatibak topetea izango da helburua. Angela Davis Estadu Batuetako ekintzaile historikoa izango da konbidau nagusia, baina beste aditu askok be parte hartuko dabe.
Zezeilaren 5etik 7ra egingo dabe Bilbon Emakumea eta kartzela izenburuko topaketea, GITE-IPES alkarteak antolatuta eta beste talde eta norbanako askoren babesagaz. Berbaldiak eta ikastaroak egongo dira. Espetxeari buruzko gogoetea egin eta alternatibak topetea izango da helburua. Angela Davis Estadu Batuetako ekintzaile historikoa izango da konbidau nagusia, baina beste aditu askok be parte hartuko dabe.
Euskal Herrian kartzelea gai garrantzitsua da, azaldu dau GITE-IPESeko kide Lourdes Rodriguezek. Sistema errepresibo eta bidebakoa da espetxea eta horregaitik sakon aztertu nahi dogu, alternatibak bilatzeko. Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea da GITE-IPES.
Rodriguezek azaldu dauenez, espetxearena gai konplexua da eta, horregaitik, arlo nagusi bitan ipiniko dabe arretea: Preso gaixoak Estadu Batuetan eta emakumeak eta kartzelea. Eragile ugari batu jakoz GITE-IPESi jardunaldietan, Etxerat, Harrera, Behatokia eta abar. Lan ildo egonkor baten hasikerea izatea nahi dogu, dino Rodriguezek.
Aditu eta alkarte ugariren azalpenak entzun ahal izango dira jardunaldietan: Cesar Manzanos, Estibaliz de Miguel, Leire Martinez eta Rafael Sainz de las Rozas egongo dira. Ahaleginik handiena, baina, Estadu Batuetatik hiru konbidau ekarten egin dabe antolatzaileek. Jihad Abdulmumit, Black Panther baltzen eskubideen aldeko taldeko ekintzaile izandakoa eta espetxean luzaro egondakoa; Paulette D´Auteuil presoen laguntzinorako Estadu Batuetako taldeko kidea; eta Angela Davis, baltzen burrukearen eta feminismoaren sinbolo nagusietako bat.
Distira berezia dauka Angela Davisek, azaldu dau Jagoba Zulueta Ipar-Hegoa Fundazinoko kideak, erreferentea da, ekarpen politikoa egin dauelako, burruka sinbolikoagaz batera, zapalkuntzeari aurre egiteko. Davisena burruka hirukotxa da, Zuluetaren esanetan. Gizartearen, arrazearen eta sexu-bardintasunaren arloetako burrukea hain zuzen.
Jardunaldia zezeilaren 5ean, barikua, hasiko da, goizean, Bidebarrieta liburutegian. Hainbat adituren berbaldiak egongo dira eta, ondoren, Klowklusioak saioa egingo dabe. Bariku arratsaldean Estadu Batuetako hiru konbidauen txandea izango da. Zapatuan, Donostian, ikastaroa egingo dabe, Angela Davis bertan dala. Jagoba Zuluetak azaldu dauenez, ikastaroaren barri emon eta berehala leku guztiak bete dira.
Amaitzeko, domekan, Angela Davis izango da jardunaldietako protagonista nagusia. Izan be, goizean solasaldia egongo da beragaz, Guggenheim Museoan eta arratsaldean, Bilboko Kafe Antzokian, Angela Davis gure laguna da! izenburuko ekitaldia egingo dabe.
Angela Yvonne Davis 1944an jaio zan Alabaman eta ezkerreko alderdietan hasi eban bere ibilbidea. Ondoren, baltzen aldeko Black Panther mobimenduagaz lankidetzan ibili zan, baita presoen aldeko lanean be. Idazle, unibersidadeko irakasle eta ikerlaria be bada, feminismoaren, afroamerikarren eta gizartearen arloetan. Gure arazoak geuk konpondu behar doguz, baina Angela Davisena moduko ekarpena entzun ahal izatea aberasgarria izango da, adierazo dau Jagoba Zuluetak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!