Hemen da VIII. Bilbao Mendi Film Festivala

Bizkaie! 2015-12-01 16:42   Barriak

Jaialdia abenduaren 11n, 19:30ean inaugurauko da Euskalduna Jauregian, Jimmy Chinek eta Elizabeth Chai Vasarhelyik zuzendutako Meru pelikulearen estreinaldiagaz; ostean, zinemaz beteriko beste 9 egun etorriko dira eta horreetan sail ofizialean beste 42 lan proiektauko dira eta beste 3 lehiaketatik kanpo, eta Mendi Short film labur amateurren lehiaketako irabazleak be lekua izango dau.

Bizkaiko uriburuan abenduaren 11tik 20ra egingo dan Bilbao Mendi Film Festivalen, mendi eta abentura kirolen inguruko zinemaldiaren zortzigarren edizinoa aurkeztu dabe gaur goizean. Ekitaldian Xabier Otxandiano (Bilboko Udaletxeko Garapen Ekonomiko Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia), Clara Montero (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria), Carlos Sergio Atsotegi (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kiroletako aholkularia), Aitor Aranburu (Kutxabankeko Bilbao Erdiguneko zuzendaria) eta Jabier Baraiazarra (Bilbao Mendi Film Festivaleko zuzendaria) egon dira eta aurreko urteetan lez, pelikulen proiekzinoez gan, beste hainbat jarduera eskainiko dirala azpimarratu dabe jaialdiko antolakuntzako kideek.

Gaur bertan Donostiako Club Vasco de Camping Alkarteak antolatutako CVCEPHOTO txapelketako finalisten argazki erakusketea Bilboko metroko Moyua (Elkano-Ercilla), Casco Viejo (Unamuno) eta Indautxu (Urkijo) geltokietara aldatuko da. Bestalde, etzi, abenduaren 3an, Karakorum argazki erakusketea inaugurauko da Rekalde Aretoan eta doban bisitau ahal izango da urtarrilaren 10era arte. Baltistan Fundazinoak bultzatutako erakusketea 30 bat argazkik osotuko dabe, horreetako batzuk formatu handian, Pakistango Hushe bailarako jentearen bizitea erakutsiz. Haranean 30.000 lagun inguru bizi dira, Hushe ibaiaren ertzetan zehar sakabanatuta dagozan herrixketan. Herri horreek munduko ‘zortzimilako’ batzuetara heltzeko igarobideak dira. Mikel Alonso bilbotarrak etxe, kale eta eskoletan ateratako emakume eta neskatoen argazkiak jasoten ditu erakusketan.

Aitatu Fundazino horrek ta Bilbao Mendi Film Festivalek  antolatuta, abenduaren 9an Samina Baig alpinisteak berbaldia eskainiko dau Beste begirada batzuk zikloaren barruan. Islama praktiketan edo islamaren munduagaz lotutako kulturen kide diran, eta eguneroko albisteeetan protagonista izaten diranakandik aldenduta erreferente eta eredu bihurtu diran personen bizitza-lekukotasunak azaltzea da helburua. Samina Baig lehen emakume pakistandarra eta herrialde horretako hirugarren personea izan da Everest mendia eskaletan. Mendi horretara igon dauen emakume musulman gazteena be bada, baita Zazpi Gailurrak (kontinente bakotxeko tontorrik altuena) igon dituan lehen emakume pakistandarra, eta lehen emakume musulmana bere. Berbaldia eskaintzeaz gan, sail ofizialean abenduaren 15ean proiektauko dan Beyond the Heights filmaren protagonista da Samina.

Jaialdia abenduaren 11n, 19:30ean inaugurauko da Euskalduna Jauregian, Jimmy Chinek eta Elizabeth Chai Vasarhelyik zuzendutako Meru pelikulearen estreinaldiagaz; ostean, zinemaz beteriko beste 9 egun etorriko dira eta horreetan sail ofizialean beste 42 lan proiektauko dira eta beste 3 lehiaketatik kanpo, eta Mendi Short film labur amateurren lehiaketako irabazleak be lekua izango dau.

Pablo Iraburu eta Lara Izagirre zinemagileak; Gazeta Wyborcza egunkari poloniarreko editore burua dan Wojciech Fusek; Michael Pause kazetari, produktore eta idazlea eta Alpinist eta Backcountry argitalpen espezializatuetako zuzendari editoriala izango dira epaimahaikideak.

Jaialdiko momentu garrantzitsuenetako bat abenduaren 19an helduko da, WOP Fundazino Saria mendizaletasunaren giza-balioen defensa eta transmisinoari garaikurragaz; garaikur honek mendizaletasunaren giza-balioen alde egindako lana eta transmisinoa saritzen ditu: hobetzeko gaitasuna, esfortzua eta talde-lana; fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor moduan; mendi, eskalada eta muturreko kirolakaz lotutako ekintzak familiagaz buztartzen jakitea... Aurten saria Josep Manuel Angladari emongo jako, XX. mendeko alpinismoaren historiako erreferente nagusietako bati. WOP Saria WOP Fundazinoak (Walk on Project) bultzatutako garaikurra da. Fundazinoak arruntak ez diran gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketearen ganean dibulgazinoa, sensibilizazinoa eta laguntzinoa eskaintzen ditu. Ganera aurrera eroamaten ditu hainbat ekintza artistiko, sozial eta kultural dirua batu eta leukodistrofien kontrako alkarteei mueta horretako gaixotasunen ikerketan laguntzeko. Aldi berean, kaltetuen eta euren familien bizi-kalidadea hobetzeko balio daben konponbide barrien ikerkuntzea eta garapena suspertzen dau.
 
WOP Saria emon ondoren, Walk on Project fundazinoak produzidutako 2T on Chamlang pelikulearen mundu mailako estreinaldia egingo da. Urriaren 19an, Nepalgo mendia igon eban eta Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza alpinistek eta Juanjo Otazu kameralariak osotutako WOPEAK espedizinoa dau ardatz. 
 
Zinemaz gain jaialdian Panel Talk-ak, Mendi Talk-ak eta konferentziak egingo dira; horreen barruko lehenengo ekitaldia abenduaren 12an, 11:30ean, BBK Salan egingo da. Eneko Atxa sukaldariak eta Alberto Iñurrategi alpinisteak Erronkea-ri buruz egingo dabe berba, bakotxak bere esparruan izan dituan desafioei zelan aurre egin deutsen azalduko dau.  
 
Iñurrategi eta Atxaren berbaldiaren ostean, 12:30ean, Bernadette McDonaldek bere azken liburua aurkeztuko dau, Escaladores de la libertad, Freedom Climbers liburuaren gaztelaniazko itzulpena. Argitalpenak hainbat sari jaso ditu.

Egun horretan, arratsaldez, 19:30ean, Adam Ondrak, egungo eskaladako munduko txapeldunak, Slideshow – Eskalatzaile baten bizitza konferentzia eskainiko dau. Bere hasierako pausuak eta Patxi Usobiagaren zuzendaritzapean lehiaketetan emon dituan azken urteak errepasauko ditu.
 
Hurrengo egunean, abenduaren 13an, 11:30ean, BBK Salan proiektuen inguruko Mendi Talk-en txandea helduko da. Lehenengo National Geographicen ingurukoak jorratuko dira. Rebecca Martinek, Espedizino Kontseiluaren zuzendari exekutiboak erakundeak gazteen artean banatzen dituan bekak aurkeztuko ditu eta Elgoibarko Eñaut Izagirrek azalduko dau zelan lortu dauen diru-laguntzinoa Incógnita Patagonia bere proiektua aurrera eroateko. Ondoren Dani Salas errealizadoreak Jugando a escalar proiektu dokumentala aurkeztuko dau. Eskaladan etorkizun oparoa dauen Santutxuko Andoni Esparta gaztea da dokumentalaren protagonistetako bat eta bera be bertan izango da. 

Abenduaren 15ean, 19:30ean, BBK Salan, Panel Talk: Gidariek berbea hartzen dabe izenpean asko ezagutzen ez dan ogibide baten zirrikituak erakutsiko ditu. Mendiko kazetaritzan espezializautako Oscar Gogorzak Simon Elias eta Christian Ravier gidatuko ditu mahai-inguru honetan.   
 
Abenduaren 19an, 11:00etan, BBK Salako atondoan, sinadurentzako tartea izango dauen irakurleen eta mendiko liburuen egileen arteko topaketa bat antolatuko da, eta jarraian Imanol Marrodan artista eta argazkilariak Anboto bere azken liburuan oinarritutako Anboto, mundu higikor baten irudia konferentzia  eskainiko dau. Liburuak artea eta naturea buztartzen ditu, eta mendi horretan eta bere ingurunean bost urtetan egindako esplorazino lanaren emoitzea da.  
 
Berbaldi, barriketaldi eta mahai-inguruez aparte, Bilbao Mendi Film Festival 2015ek hiru ikastaro be izango ditu. Eskaladako patologiei eta entrenamendu metodoei buruzko ikastaroa abenduaren 12an eta 13an egingo da, Mendi-lasterketetako entrenamendu eta teknikari buruzko clinic saioa abenduaren 19an eta 20an, eta Mendiklik mendi-argazkilaritzako tailerra be asteburu horretan, 19an eta 20an.
 
Jaialdiko azken egunean, abenduaren 20an, PIUGAZ eskalada zentroak bere ateak doban edegiko ditu eskalada publiko mueta guztiei hurreratzeko, eta 12:00etatik aurrera, BBK Salan, saritutako pelikulakaz Non-Stop saioak izango dira ikusgai. 17:15etako saioan, barriz, sari banaketea egingo da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu