Katrina urakanak eragindako suntsiketearen 10. urteurrena gogoratuko dau Euskadiko Filmategiak
2015-11-27 13:56 BarriakKatrina, hamar urte ondoren zikloa laburra baina trinkoa da. Ganera, gure arteko baten begiradeagaz New Orleansera hurreratzeko aukerea izango dogu: Fermin Muguruzagaz, hain zuzen be. Zikloan estreinauko dituan Nola? dokumentala eta diskoa, bertako kultura musikal handiari omenaldia da, 2005eko suntsiketeari bistarik kendu barik.
Katrina urakanak New Orleans urian eragin eban suntsiketearen hamargarren urteurrena beteten dan honetan, Euskadiko Filmategiak Katrinak eragindako ondorio larriak bikain erakusten dituen filmen zikloa antolatu dau abenduaren 3tik 18ra Donostian eta Bilbon. Tabakalera eta Azkuna Zentroa dira ziklo honen antolaketearen laguntzaileak. Ziklo honetako aholkularia, barriz, Fermin Muguruza da.
2005eko abuztuaren amaieran, Katrina urakanak 1.833 hildako itxi zituan Amerikako Estadu Batuetako hego-ekialdean. 100.000 etxe geratu ziran ur azpian eta eta New Orleanseko biztanleriaren % 80ak bere etxebizitza itxi behar izan eban. Natureak eragindako suntsiketaz gan, Bush presidentearen administrazinoaren gaitasun eza (hile batzuen ondoren egindako hainbat akats onartu behar izan zituan presidenteak) jasan behar izan eben herritarrek. Oraintsu hildako Allen Toussaint musikariak esan ebanez: Gauza ikaragarriak ikusi nituan. Baina baita borondate oneko ekintza ugari be (...). Jente askok modu ederrean erreakzionau eban ganerakoakaz, beste leku askotatik etorri zan jentea gu laguntzera. Eta horrek lasaitu ninduan.
Azala okelera inkauta dagoan moduan, zinemeak errealidadeagaz bat egiteko dauen gaitasuna egia bada, New Orleansen eta Katrinaren kasuak adibide ederrak dira. Zenbait zinemagile ospetsuk euren kamerak hartu zituen eta bertan jazotakoa kontetako asmoz hurreratu ziran. Spike Lee izan zan lehenengoa HBOrentzat egindako ezinbesteko dokumental bategaz: When the levees broke (2006). Ondoren, Trouble the water (2008) txundigarriagaz heldu ziran Carl Deal eta Tia Lessin. Aaron Walker, barriz, Katrinaren aurreko eta ondorengo ikuspegi antropologikoetan sartu zan Bury the hatchet (2009) filmagaz.
Katrina, hamar urte ondoren zikloa laburra baina trinkoa da. Ganera, gure arteko baten begiradeagaz New Orleansera hurreratzeko aukerea izango dogu: Fermin Muguruzagaz, hain zuzen be. Zikloan estreinauko dituan Nola? dokumentala eta diskoa, bertako kultura musikal handiari omenaldia da, 2005eko suntsiketeari bistarik kendu barik. Zinemeari esker, historia ha ez dau haizeak eroango.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!