Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarra Bilbon dago, Zinebiren Ohorezko Mikeldia jasoteko

Dabi Piedra 2015-11-19 14:19   Barriak

Hiru Ohorezko Mikeldi emongo ditu aurtengo edizinoan Zinebik, Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak. Aki Kaurismaki zinemagile finlandiar ospetsuak jasoko dau horreetako bat, barikuan egingo dan ekitaldian. Agerraldia egin dau Bilbon eta gaur eguneko zinemagintzeari kritikea egin deutso, batez be Hollywoodekoari. Zinebin saria jasotea pozgarria dala eta euskaldunen eta finlandiarren artean antzekotasunak ikusten dituala adierazo dau Kaurismakik.

Hiru Ohorezko Mikeldi emongo ditu aurtengo edizinoan Zinebik, Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak. Aki Kaurismaki zinemagile finlandiar ospetsuak jasoko dau horreetako bat, barikuan egingo dan ekitaldian. Agerraldia egin dau Bilbon eta gaur eguneko zinemagintzeari kritikea egin deutso, batez be Hollywoodekoari. Zinebin saria jasotea pozgarria dala eta euskaldunen eta finlandiarren artean antzekotasunak ikusten dituala adierazo dau Kaurismakik.

Aki Kaurismaki (Orimattila, Finlandia, 1957) gaur eguneko Europako zinemagintzako egile txalotuenetakoa da. 1980ko hamarkadan hasi zan filmak zuzentzen eta horreetako asko goi mailakotzat joten dira, adibidez Itzalak paradisuan (1986), Pospolo lantegiko neska (1990) eta Iraganeko gizona (2002). Kaurismakiren estiloa sikua eta lakonikoa da. Umore ikutuak sartzen ditu baina zorigaiztoko gertakariak ohikoak dira bere pelikuletako gidoietan.

Zoritxarraren inguruko filmen erantzun moduan, umore baikorra erabili zalea da batzuetan, adibidez Le Havre film laburrean (2011). Film hori, Bico eta O Tasqueiro proiektauko ditue Guggenheim museoan gaur, eguena (20:00). Barikuan, Arriaga antzokian egingo dan amaiera ekitaldian, Zinebiren Ohorezko Mikeldia jasoko dau finlandiarrak. Bere irudiei emoten deutsen esanahi etiko eta estetiko sakona eta gizakien izakerea aztertzeko daukan modua azpimarratu dau epaimahaiak sari berezi hori Kaurismakiri emoteko. Haren filmek balio lokala eta unibersala daukiela dinoe Zinebiko antolatzaileek.

Aki Kaurismakik, medioen aurrean egindako agerraldian, adierazo dau harro egoteko modukoa dala Zinebiren Ohorezko Mikeldia jasotea. Euskaldunen eta finlandiarren artean antzekotasunak nabaritu dituala dino, izakeran eta hizkuntzan batez be.

Zinemagintzaz gogoetea egin dau Kaurismakik, Bilbon egindako agerraldian. Gaur eguneko zinemagintzeagaz kritiko agertu da. Gaur egun, badagoz lan onak, baina egiten dan gehiena txarra da, azaldu dau. 1940 eta 1950eko hamarkadetakoak dira bere pelikularik gogokoenak, Akira Kurosawarenak adibidez. 1963tik aurrera (data zehatz hori emon dau) zinemagintzea eskasa dala dino eta 1970eko hamarkadatik ez dala, Hollywooden behintzat, pelikula onik egin.

Hollywoodeko industria hilda dagoala dino. Suge baten modukoa da Hollywood, hilda dagoan arren, buztana mobiduten segiduten dau, hilda dagoala jakin barik. Europako zinemagintzan autore batzuk bai, gogoko ditu, adibidez Victor Erice karrantzarra. 1986tik ez dala zinemara joan dino, baina gaur eguneko zinema produkzinoari adi dagoala.

Kritikoa ez eze, tradizionala da Kaurismaki. Betiko eran grabetan ditu bere lanak, teknologia digitala albo batera itxita. Finlandieraz, 'film' esateko, 'argazki bizia' esaten dogu eta hori da, hain zuzen, zinemea, bizirik dagoan zeozer, azaldu dau, teknika digitalakaz, baina, produktu hila sortzen da. Gaur egungo jokerek dinoenaren aurkakoa egiten dauela adierazo dau, broma giroan, Kaurismakik.

Bestelako gaien inguruan be hausnarketea egin dau zuzendari finlandiarrak Bilbon. Nazino txikien aldekoa dala esan dau eta Kataluniak independentzia lortzen badau Euskal Herriaren independentzia atzetik etorriko dala uste dau. Ekonomia arloan, Finlandia atzeraldian dagoala azaldu dau, baina egoera latzak zinemarako oparoak izaten dirala ganeratu dau, bere herrialdean behintzat.

Aki Kaurismakigaz batera, Zinebiren Ohorezko Mikeldia emon deutsie aurten Juan Ruiz Anchia argazki zuzendariari eta Aitor Mazo aktore hil barriari.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu