'Dena ez da futbola', euskal-venezuelar film laburra Bilbon ikusgai
2015-11-09 14:28 BarriakGaur, astelehena, zemendiak 9, Venezuelako Konsulatuak eta Zenbat Gara alkarteak antolatuta, Venezuela Bertaratzen ekitaldia ospatuko da Kafe Antzokian. Sarrerea doban izango da. Bertan, Kurkuluxetan alkarteak Dena ez da futbola euskal-venezuelar koprodukzinoa aurkeztuko dau, eta ondoren Jose Delgado kantautore venezuelarrak eta Dangiliske euskal taldeak zuzeneko emonaldiak eskainiko ditue.
Gaur, astelehena, zemendiak 9, Venezuelako Konsulatuak eta Zenbat Gara alkarteak antolatuta, Venezuela Bertaratzen ekitaldia ospatuko da Kafe Antzokian. Sarrerea doban izango da. Bertan, Kurkuluxetan alkarteak Dena ez da futbola euskal-venezuelar koprodukzinoa aurkeztuko dau, eta ondoren Jose Delgado kantautore venezuelarrak eta Dangiliske euskal taldeak zuzeneko emonaldiak eskainiko ditue. Jose Delgado kantautore venezuelarrak Algo bere lan barria aurkeztuko dau. Errepertorioan Caracas haren jaioterrian hain bereizgarria dan nortasun eklektikoa atzemoten da: venezuelar musika tradizionala, merengue eta pasaje tuyeroa kasu, baladak, son, rock´n´rolla, charanga, popa, jazz manouche eta balsa. Gau honetan bere hamar urteko ibilbidean zehar lagundu daben abestiak be konpartiduko ditu entzuleakaz.
Ostean, euskal-venezuelar konekzinoa eginez, Dangiliske taldearen txandea izango da. Euskal doinuak joten dituan plaza jantza taldea dogu Dangiliske, eta honako partaideak ditu: Eneko Bilbao, jantzaria; Itziar Ituño, ahotsa, panderoa eta jantzaria; Janire Egaña, ahotsa, trikitixea; Efren Rodriguez, dultzaina, alboka, gaita galegoa eta txirulea; Robert Awa Nari, gitarra akustikoa; eta Juanpe Salvador, baxu elektrikoa.
Dena ez da futbola film laburra
Keinuka mugaz gaindi - Un guiño, un sueño filmaren ostean, Zenbat Gara alkartearen ekimena dan Kurkuluxetan alkarteak genero bardintasuna eta adiskidetasunari buruzko film bat grabau du: Dena ez da futbola – No todo es fútbol euskal eta venezuelar nazinoetako umeek egindako koprodukzinoa, eta bertan, euren ikuspegitik begiratuta, futbolean sarritan jazoten diran zenbait egoera azaltzen deuskuez, adiskidetasuna eta genero bardintasuna argumentuaren oinarritzat hartuta.
Bi herri eta kultura desbardin, 7.000 kilometro baino gehiagoko tartea eta umeen bidez, itsaso eta mugen gainetik dagozan giza balioen inguruko hausnarketea egiteko zenbait mezu helarazoten deuskuez. Abizen bardina (Etxeberria) daben mutil venezuelar bat eta neska euskaldun bat baztertu egiten ditue euren lagunek. Mutilaren kasuan, ustez, futbolean txarto jokatzen dauelako; eta neskearen kasuan, barriz, emakume izateagaitik. Internet bidez alkar ezagutzen dabe eta norberari pasetan jakona alkarri kontau ondoren, egoereari aurre egitea erabagiten dabe.
Protagonistak: Alaitz Zelestino – Iratxe Bernaola – José Alejandro Jiménez Zuzendaritza orokorra: Rita Naveira – Koldo Zelestino Venezuelako Zuzendaritza eta Lan taldea: Norma Courlaender – Alfredo Medina – Edwar Guanipa Grabaketak Venezuela eta Euskal Herriko hainbat tokitan egin ziran (Igorre, Dima eta Coro).
Film honegaz batera Unitate Didaktiko bat atondu da, pelikularen material osogarri legez.
Igorre eta Venezuelako aurkezpenak
Urriaren 21ean Igorreko Kultur Etxean estreinau zan filma, eta egunotan Venezuelan dabilz aurkezten: Coro urian, IV. Muestra Audiovisual Latinoamericana y del Caribe para niños y niñas -Luces del Alba- jaialdiaren baruan, eta Caracasen, Zinematografiako Zentro Nazionalean eta bertako hamar Parrokietan (Kultur Etxeak).
Horrezaz gan, Venezuelako zinema guztietan, pelikula komertzialen aurretik, Dena ez da futbola-ren bersino laburrago bat (13 minutukoa) proiektauko da. Bestetik, zenbait jaialdi eta nazinotatik filma eskatu dabe, besteak beste, Kolonbia, Kuba zein Uruguaytik. Izan be, Dena ez da Futbola filmak hiru bersino ditu: Euskal Herrirako, erderaz esaten dana azpitituluak jarrita (17 minutukoa); Venezuelarako bersinoa, dana azpitituluakaz, 17 minutukoa; eta Venezuelako zinematarako bersinoa, 13 minutukoa.
10 urte baino gehiago ume eta gazteakaz lanean
Kurkuluxetan alkartea ume eta gazteen garapenerako arlo artistiko eta hezitzaileak lantzen dituan kultur alkartea da. 10 urte baino gehiago daroaz lanean: antzerkigintzan Ane Monna, Oskola eta Karramarroi eta Zirtaka antzerki taldeen bidez; dramatizazinoa lantzen ikastetxeetan eta antzerki topaketak antolatzen; umeentzako jaialdiak ospatzen; Bilboko jaietan be ume eta gazteen protagonismoa beti euskeraz aldarrikatzen eta sortzen Zaparrada konparsearen bidez... Informazino gehiago, www.kurkuluxetan.org webgunean eta sare sozialetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!