Ana G. Lartitegui, Joseba Zulaika eta Juan Garzia be, Euskadi Sarietako irabazle

Dabi Piedra 2015-10-15 13:19   Kulturea

Joan dan astean saritu batzuen barri emon eben eta, gaur, ilustrazinoaren, gaztelaniazko saiakerearen eta euskerarako itzulpenaren arloetako sarituen barri. Ana G. Lartiteguik El libro de la suerte lanean egindako irudiak, Joseba Zulaikak idatzitako Vieja luna de Bilbao eta Juan Garziak itzulitako Shakespeareren Sonetoak aukeratu ditu epaimahaiak.

Joan dan astean saritu batzuen barri emon eben eta, gaur, ilustrazinoaren, gaztelaniazko saiakerearen eta euskerarako itzulpenaren arloetako sarituen barri. Ana G. Lartiteguik El libro de la suerte lanean egindako irudiak, Joseba Zulaikak idatzitako Vieja luna de Bilbao eta Juan Garziak itzulitako Shakespeareren Sonetoak aukeratu ditu epaimahaiak.

Bilbon emon ditue hiru sarituen izenak, Joseba Zulaikak bertaratzerik euki ez dauen arren (AEBetan bizi da eta bideoa bialdu dau handik). Joan dan astean iragarritako sarituakaz batera, Gasteizen jasoko dabe saria zemendiaren 19an. Joxean Muñoz Jaurlaritzako kultura zuzendariaren esanetan, euskal literaturea bere osotasunean hartzen dabe Euskadi Sariek. Urteko uztako onenak nabarmendu nahi doguz eta egile batzuen isilpeko lana argitara atara, azaldu dau Muñozek. Azpimarragarriak diran liburu batzuk badagozala adierazo nahi deutsagu gizarteari.

Joxean Muñozek adierazo dau, Euskadi Sariak epaimahai independente batek erabagiten dituala eta Jaurlaritzeak antolakuntza lana baino ez dauela egiten, erakunde publikoak zubia baino ez gara.

Literatura lanen ilustrazinoaren atalean, aurtengoan Ana G. Lartiteguik irabazi dau saria. El libro de la suerte libururako egindako ilustrazinoakaitik. Liburu berezia da hori, aurretik eta atzetik hasi leitekelako irakurten. Ohiko norabideko eta atzekoz aurrerako irakurketek bat egiten dabe erdian. Epaimahaiaren eretxiz, alderdi grafikoaren bidez, liburuak ia osorik kontetan dau istorioa, filma balitz legez. Istorioaren erritmoak irakurketea eta kontakizunean atzera eta aurrera egiten laguntzen dauela dinoe epaimahaikoek.

Proiektua abiarazo zanetik, Lartiteguik eta Sergio Lairla idazleak 13 urte behar izan ditue lana argitaratu ahal izateko, argitaletxea topetea gatxa izan dalako. Lartiteguik dino irudiagaz be istorioaren detaile asko kontetan ahalegindu dirala, irakurleari pistak emoteko, dana testuan sartu ordez. Trama bisualak garrantzia handia dauka istorioa ulertzeko, zehaztu dau marrazkigileak.

Gaztelaniazko saiakerearen alorreko Euskadi Saria Joseba Zulaika Iruretak lortu dau Vieja luna de Bilbao lanari esker. Bere belaunaldiko kronikea egiten dau bertan, Bilbo be tartean sartuta. Horretarako, bere belaunaldiko bilbotar askoren lekukotzak batu ditu. Atxakia literarioa izan da liburua, kaleko jentearen ikuspuntua agertzeko, azaldu dau Zulaikak Ameriketatik bialdutako bideoan.

Euskerazko itzulpengintza saria, bestetik, Juan Garzia Garmendiak irabazi dau. William Shakespeare ingelesaren Sonetoak liburuko 154 olerkiak euskerara ekarri ditu Garziak. Ez da lantegi makala izan, Shakespeareren testua zorrotz errespetau nahi izan dauelako. Neurria, errimea eta abar gorde ditu eta horrek, batez be Shakespeareren kasuan, ahalegin itzela eskatzen dau.

Antzerkiagaitik da ezaguna Shakespeare, baina lirikan be munduko gailurrean dago, sonetook erakusten dabenez, dino Garziak. 20 urte baino gehiago daroaz sonetoak lantzen eta euskeratzen. Lehenengo, soneto batzuen aukeraketea argitaratu eban, baina Shakespeareren magiaren harrak harrapau eta, gero be, danak itzuli ditu. Irakurlearentzat gatxak diranez, denporeagaz hartzeko eskatu dau itzultzaileak: Hasikeran gogor egiten da baina behin sonetoek norbera harrapau ezkero, irakurten segiduteko bultzadea egoten da.

Itzulpen lana ez dala erraza izan autortu dau Juan Garziak. Hizkuntza eta tematika aldetik konplexua da Shakespeare. Ganera, ahalegintxua egin dau irakurleari gauzak errazteko eta ohar eta azalpen mamitsuz horniduta dator edizinoa.

Mikel Laboa Katedrearen laguntzinoagaz argitaratu dau Sonetoak Garziak. Poemak errezitauta entzun leitekez disko baten eta ilustrazinoak be sartu deutsiez. Hartara, publiko zabalari helduko jakoz Shakespeareren berba euskeratuak. 20 urtez neu eta 'Will' bakarrik egon gara honetan, orain zabaldu egingo da guztia, adierazo dau itzultzaileak, pozik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu