Hemen da VII. Zinema Ikusezinaren Bilboko Zinemaldia

Bizkaie! 2015-10-15 11:31   Barriak

VII. Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko Bilboko Jaialdiak 43 herrialdetako 79 film eskainiko ditu urriaren 15etik 22ra. Oro har, itzalpean gordetan diran hamaika gai argitu eta pantailara eroango ditu Jaialdiak.

VII. Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazinoarteko Bilboko Jaialdiak 43 herrialdetako 79 film eskainiko ditu urriaren 15etik 22ra. Aurten jorratuko diran gaien artean, Guatemalan indarkeria matxistearen kontra burrukan dabilzan emakumeak; Marokoren eta Espainiaren artean galdutako itxaropen eta biziak; Mauritaniako herrixka baten eguneroko bizimodua; Sadaf Rahimi afganistandar boxeolari gaztearen istorioa; transexualidadeari buruzko kubatar kontakizun bat nabarmendu daitekez. Oro har, itzalpean gordetan diran hamaika gai argitu eta pantailara eroango ditu Jaialdiak.

Jaialdiaren erdigunea Bizkaiko uriburuko Azkuna Zentroa da, eta, Teresa Laespada Enplegua, Gizarteratzea eta Bardintasuna Sustatzeko Saileko Bizkaiko foru diputaduaren berbetan, jenteak dibersidadearen eta gizarte konpromisoaren inguruan kontzientzia hartzeko modu indartsua da.

Horrezaz gan, Carlos Vazquez zinema jaialdiaren zuzendariak adierazo dauenez, ikusiko diran film guztien % 49,5 emakumeek zuzendu ditue nahiz eta sektorean emakumea begiko izaten ez dan.

Inaugurazino galea urriaren 15ean izango da, eguenean, arratsaldeko 19:30etik aurrera eta Boxing for freedom dokumentala proiektauko dabe bertan. Zarratze ekitaldia, barriz, astebete geroago helduko da, urriaren 22an, ordu berean. Sariak emon, eta Las Poderosas antzezlana taularatuko dabe orduan.

Jaialdiaren erdigunea alondiga zaharra eta Golem zinema-aretoak izango dira, baina lurraldeko zortzi herritako bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako institutuetara be helduko da, Bilbo, Barakaldo, Erandio, Portugalete, Mungia, Iurreta, Getxo, Leioa eta Elorriora.

Kultura Communication Desarrollo garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak antolatu dau zinemaldia, kulturearen eta komunikazinoaren bidez giza garapen bidezkoa eta iraunkorra bultzatzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu