Zinebik Aki Kaurismäki zinemagile finlandiarrari emongo deutso Ohorezko Mikeldia
2015-10-08 14:01 Barriak57. edizinoa zemendiaren 13tik 20ra ospatuko dauen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak (Zinebi) Aki Kaurismäki zinemagile finlandiarrari emongo deutso aurtengo bigarren Ohorezko Mikeldia, bere filmografia osoan erakusten jakin izan dauen oso estilo personala autortuz, bere irudietako bakotxari emoten deutson esanahi etiko eta estetiko sakonagaitik eta bere giza izakerearen azterketeak erakutsi dauen izaera lokal eta unibersalagaitik.
57. edizinoa zemendiaren 13tik 20ra ospatuko dauen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak (Zinebi) Aki Kaurismäki zinemagile finlandiarrari emongo deutso aurtengo bigarren Ohorezko Mikeldia, bere filmografia osoan erakusten jakin izan dauen oso estilo personala autortuz, bere irudietako bakotxari emoten deutson esanahi etiko eta estetiko sakonagaitik eta bere giza izakerearen azterketeak erakutsi dauen izaera lokal eta unibersalagaitik.
Sariaren banaketa ekitaldia datorren zemendiaren 20an izango da, Arriaga antzokian, arratsaldeko 20:00etan hasiko dan Zinebi 57ren amaierako galearen barruan.
Aki Kaurismäki (Orimattila, Finlandia, 1957), bigarren mailako ikasketak amaitu aurretik zazpi uritan bizi izan zan klase ertaineko familia bateko lau seme-alabetatik hirugarrena izan zan. Akik eta Mikak, anaia txikiak, zinemeagazko interesa oso gaztetatik erakutsi eben arren, Aki ez zan onartua izan Finlandiako Zinema Eskolan, eta Kazetaritza ikasketak hasi zituan Tampereko Unibersidadean. Mikak, bere aldetik, zinematografia ikasi eban Munichen. Denpora asko igaro baino lehen, bi anaiek euren produkzino etxea sortu eben, Villealfa Oy. Bi anaien lehenengo lana Guzurtia (Valehtelija, 1981), izan zan, Mikak zuzendu eta protagonista Aki bera eban film ertaina. Film horrek bertako zinefilia zirkuituetan lortu eban arrakasteak haren ibilbide profesionala hasteko aukerea emon eutson, literatura unibersaleko lan klasiko baten moldaketeagaz: Krimena eta zigorra (Rikos ja rangaistus,1983).
Opera prima arrakastatsu horren ondoren, zenbait komedia burubako etorri ziran, bere estiloaren ezaugarririk nabarmenenetakoa bilakatu zan tonu kritiko eta sarritan espresionisteagaz egindakoak, Calamari Union (1985) film luzea eta Rocky VI (1986) film laburra, besteak beste, bere ibilbide osoko lan azpimarragarrienetako bat, Itzalak paradisuan (Varjoja paratiisissa, 1986) sinatu aurretik. Lan horregaz Canneseko Zinemaldiko Zinemagileen Hamabostaldian eta Torontoko Nazinoarteko Zinemaldian hartu eban parte. Film hori, Proletariotzearen Trilogia izenekoaren lehenengoa izan zan, Moskuko Nazinoarteko Zinemaldian saria irabazi eban Ariel (1988), eta Europako kritikaren aho bateko txaloak jasotako Pospolo lantegiko neska (Tulitikkutehtaan tyttö, 1990) filmakaz batera. Hiru lan horreekaz, bere filmografian agertzen dan leit-motivetako batek, zorigatxak, behin betiko formea hartu eban, izan be, haren personaiak ahal daben lez egitend abe burrukan porrotari aurre egiteko edo, gitxienez, porrot horren ondorioak arintzeko: duintasunari eusteko ahaleginetan dabilzan betieko galtzaileak dira.
Leningradeko cowboyak Ameriketara doaz (Leningrad Cowboys go America, 1989) eta, batez be, Canneseko Zinemaldiko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi eban eta bere Galtzaileen Trilogia barriaren bigarren lana dan Iraganik bako gizona (Mies vailla menelsyyttä, 2002) lanakaz lortu eban mundu mailako zinema garaikidearen maisu aintzatespena. Trilogia hori osotzen daben beste filmak Laino iragankorrak (Kauas pilvet karkaavat, 1996) eta Argiak arratsaldean (Laitakaupungin, 2006) dira. 90eko hamarkadearen hasieratik, hamarkada osoan, Aki Kaurismäkiren lana Europako beste eszenatoki batzuetara zabalduz joan da.
Antzezleen zuzendaritzan egiten dauen lanaren estilo lehor eta lakonikoa eta bere filmen ezaugarri dan eszenan jartearen urruntasuna dirala eta, Aki Kaurismäki Robert Bresson eta Jean-Pierre Melville lako zinemagile handiakaz konparau izan da; horreek ez bezela, gero eta gitxiago disimuletan diran umore ukutuak nabarmen agertzen dira bere eraikuntza dramatikoetan. Zorigatxaren aurreko erantzun lez agertzen dan eta Kaurismäkiren zinemearen beste ardatz nagusia, baikortasuna, agertzeko aukerea emoten dauen umorea da. Holan uler daiteke bihotz handiko zapata garbitzaile baten gorabeherak erakusten dituan Le Havre (2011) lanaren, orain arte egin dauen azken film luzearen, amaierea. Oraingo honetan be Aki Kaurismäkiren zinema osoak erakusten dauen eduki politiko argiak ez dau ezkutatzen zinemagile horren gogoetearen dimensino humanistiko eta askatzaile sakona.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!