Zinebik Juan Ruiz Anchia argazki-zuzendariari emongo deutso Ohorezko Mikeldia
2015-09-30 15:33 Barriak57. edizinoa zemendiaren 13tik 20ra ospatuko dauen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak Juan Ruiz Anchía zinemagile bilbotarrari (zinemako argazkilaria) emongo deutso Ohorezko Mikeldia, argazkigintzearen bitartez zineman egin dauen ibilbide luzean nazinoarteko dimensino garrantzitsua eta egin dauen ekarpenaren originaltasun artistikoa eta sorkuntzarako askatasuna autortuz.
57. edizinoa zemendiaren 13tik 20ra ospatuko dauen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak (ZINEBI) Juan Ruiz Anchía zinemagile bilbotarrari –zinemako argazkilaria– emongo deutso Ohorezko Mikeldia, argazkigintzearen bitartez zineman egin dauen ibilbide luzean nazinoarteko dimensino garrantzitsua eta egin dauen ekarpenaren originaltasun artistikoa eta sorkuntzarako askatasuna autortuz.
Izan be, Anchíak sortutako argiak eta itzalak, mundu osoko miloeka zinema zaleturen irudi multzo personalaren eta kolektiboaren parte dira. Saria Zinebi 57ren inaugurazino ekitaldian (Zemendiaren 13an) entregauko jako. Ohikoa denez, ekitaldia Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian izango da, 20:00etatik aurrera.
Juan Ruiz Anchía (Bilbo, 1949) Madrilgo Zinematografia Eskola Ofizialeko kide izan zan, eta bertan beste bi euskal zinemagilegaz alkartu zan, Javier Aguirresarobegaz eta Imanol Uribegaz. March Fundazinoaren beka batek 1975ean AEBetara joateko aukerea emon eutson, eta bertan zuzendu eban bere lehenengo filma zuzendari legez, lehenengoa eta bakarra, Black Modern Art film labur dokumentala. Urtebete geroago Hollywoodeko American Film Institute (AFI) izenekoan sartu zan, eta bertan Master bategaz graduau zan Ikus Arteetan, eta Argazki Zuzendari titulua lortu eban. Karrera amaierako Miss Lonely hearts filmak saria irabazi eban Canneseko Zinemaldian.
1981etik, herrialde horretan berrogeita hamar lan baino gehiagoko ibilbide profesional luze eta emonkorrean, bere talentua erabili dau AEBetako zuzendari askoren lanei pantailan argiak eta itzalak eskaintzeko, David Mamet (House of Games, 1987, Things Chance, 1988, eta Spartan, 2004), Hugh Hudson (Lost Angels, 1989), Joel Schumacher (Dying Young, 1991), Mike Figgis (Liebestraum, 1995, eta Mr. Jones, 1993), James Foley (Glengarry Glen Ross, 1992, eta Two Bits, 1995), Bob Rafelson (No Good Deed, 2002) edo Luis Mandoki (Voces inocentes, 2004).
Era berean, Anchíak aukerea izan dau Jack Lemmon, Dustin Hoffman, Al Pacino, Sam Sheppard, Joe Mantegna, Julia Roberts eta Nastassia Kinski lako antzezleen gorputzak eta arpegiak argitzeko eta iluntzeko.
Juan Ruiz Anchíak Argazki onenaren bi Goya sari irabazi ditu Mararía (Antonio Betancor, 1997) eta Blackthorn (Mateo Gil, 2011) lanakaitik; horrezaz gan, Argazki Onenaren Saria eta Euskal Zinemearen Ama Lur Saria irabazi ditu Donostiako Zinemaldian, eta Madrid Imagen Golden Award izenekoa, bere ibilbide osoagaitik.
Gaur egun American Society of Cinematographers (ASC), International Guild of America, Academy of Motion Pictures, Academy of Arts and Sciences de Hollywood, Directors Guild of America eta Zinematografiako Espainiar Alkarteetako (AEC) kide da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!