Joaquin Oristrell zuzendaria eta Nur Levi aktorea dakarz Bilbora VI. Zinexit, Bizikidetzarako Zinema Erakusketeak

Bizkaie! 2015-09-21 18:40   Barriak

Zinexit, Bizikidetzarako Zinema Erakusketeak, Zinexit Topaketak izeneko atal barri bat gehitu dau seigarren ekitaldi honetan eta hor zinema emonaldia eta ondorengo barriketaldia izango dira aukeratutako filmeko protagonisten partaidetzeagaz. Lehenengo ekitaldi honetarako aukeratu dan filma, Malagako azken Zinemaldia zabaldu eban Joaquín Oristrell zuzendariaren Hablar lan berezia izan da.

Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzeak urtero antolatzen dauen Zinexit, Bizikidetzarako Zinema Erakusketeak, Zinexit Topaketak izeneko atal barri bat gehitu dau seigarren ekitaldi honetan eta hor zinema emonaldia eta ondorengo barriketaldia izango dira aukeratutako filmeko protagonisten partaidetzeagaz. Lehenengo ekitaldi honetarako aukeratu dan filma, Malagako azken Zinemaldia zabaldu eban Joaquín Oristrell zuzendariaren Hablar lan berezia izan da. Zuzendaria Bilbon izango da 21 aktorek osotzen daben zerrendako Nur Levigaz batera.

Monika Hernando, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendariaren esanetan, eretxi edegia eta gure gizartearen isla izateaz gan, momentuan momentuko, baina urtean zehar etenbakoa izango dan topaketa gune barri bat izatea dau helburu Zinexit zinema erakusketearen atariko lez programautako Zinexit Topaketeak.

Protagonisten bizipen desbardinak plano sekuentzia bakar batean azaltzen  dituan film hau, Bilboko Golem Alhóndiga zinemetan irailaren 22an, martitzenean, eskainiko da doban aretoko edukiera bete arte. Oristrell eta Levik aurkeztuko dabe filma, eta emonaldiaren ondoren barriketaldi edegi batean hartuko dabe parte ikusleakaz. Ekitaldiaren aurkezpena, besteak beste, Goenkale telesaila edota Aupa Etxebeste filman egindako lanagaitik oso ezaguna dan Iban Garate gipuzkoar aktorearen esku izango da.
 
Hablar filmak, 80 minutuko sekuentzia bakar batean, Madrileko Cristina Rotaren antzezpen eskolearen eta Lavapiéseko metro sarrerearen bitarteko tarte eskasean batzen dau hogeita hamar bat personaien sarrera eta urteerearen planoa. Gatazka personal desbardinak agertzen dira pantailan, horreetako batzuk aldez aurretik izan dabe gidoia prestauta eta beste batzuk, barriz, bat-batean antzeztuak izan dira. Aktore zerrenda zabalak hartzen dau parte film honetan, besteak beste, Mercedes Sampietro, Melani Olivares, Juan Diego Botto, Maria Bottto, Nur Levi, Sergio Peris-Mencheta, Marta Etura, Goya Toledo edota Raúl Arévalo.

Berbearen eta lagunen arteko komunikazinoaren inguruko 20 istorio batzen ditu filmak. Personaiek eztabaidatu, barre, negar, oihukatu, hasarratu eta alkar besarkatzen dabe, berbeak dauen botere handiari buruzko hausnarketea proponiduta. Era berean, ohikoa ez dan erronka tekniko handia egiten dau, nahiz eta zinemearen historian Alfred Hitchcocken La Soga klasikoa edota Alejandro González Iñarrituren oscardun Birdman filmetan be era honetako adibideak batzen diran.

Filma hiru egunetan egin zan: Domeka batean entsegu bat, astelehenean bi grabaketa, eta martitzenean beste bi egin ziran.  Oristrellen esanetan, azkena onartu eben danatatik organikoena zalako. Etenik barik egindako talde-lan honek inguruko egoerei egokitu beharra izan dau, esaterako auzoko bat filmaketa eremuan sartu eta aktoreak ezer gertatuko ez balitz lez antzezten jarraitu behar izan eban.


Zinexit

Alkarren segidako 6. urtez, film ziklo batek aldarrikatuko dau zinemea tresna hezitzaile eta sozializatzaile legez, desbardintasunaren errespetutik abiatuta euskal gizartean alkarrizketea bultzatu eta bakearen kulturea sustatzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzeak antolatutako Zinexit Zinema Erakusketea, Bilbao Alhóndigako Golem zinemetan egingo da urriaren 26 eta 29a bitartean.

Zinexit ekimenak gizakiaren oinarrizko eskubideak eta duintasunaren errespetuan oinarritutako bizikidetzea sustatu nahi dau, beti be, ideak, nahiak, printzipioak eta baloreak aurrez aurre jarri eta eztabaidatzeko herritarrentzako guneak sortuz.

Heziketarako tresna sozializatzaile eta eraginkorra da zinemea, ikusleak errealidade desbardinak biziten ditu eta gizarteko injustizien aurrean zentzu kritikoa sortarazoten laguntzen dau. Esangura horretan, bakea bizikidetza eredutzat hartuta, giza eskubideen ezagutza, hausnarketa eta sustapena lortzeko ekimen aproposa da Zinexit. Pedagogia sozialerako proposamen bat dan erakustaldi honen helburua da eztabaida guneak sortuz, Giza Eskubideen eta Bizikidetzeagaz zerikusia daben gai desbardinei buruz ikusle parte-hartzaileei hausnarrarazotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu