Zinebi 57k 5.087 film labur jaso ditu, igaz baino 1.719 gehiago

Bizkaie! 2015-09-17 14:07   Barriak

Zinebi 57, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia zemendiaren 13tik 20ra izango da eta, lanak aurkezteko epea zarratuta, danetara, 5.087 film jaso ditu, 2014an baino 1.719 gehiago. Horreen guztien artetik aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko diran filmak. Generoak fikzinoa, dokumentala eta animazinoa dira, antolakuntzeak gogorarazo dauenez.

Zinebi 57, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia zemendiaren 13tik 20ra izango da eta, lanak aurkezteko epea zarratuta, danetara, 5.087 film jaso ditu, 2014an baino 1.719 gehiago. Horreen guztien artetik aukeratuko dira Lehiaketako Sekzio Ofizialean lehiatuko diran filmak, lehiaketan parte hartuko daben hiru generoetarako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak irabazteko asmoz. Generoak fikzinoa, dokumentala eta animazinoa dira, antolakuntzeak gogorarazo dauenez.

Ehun herrialde baino gehiagotik heldutako lanak izan dira. Espainiatik 789 lan heldu dira, eta Euskal Herritik bertatik 84. Frantzia (752), Alemania (311), AEB (300), Erresuma Batua (255), Brasil (287), Mexiko (154), Argentina (187), Kolonbia (75), Txile (64), Venezuela (18), Kuba (16) edota Uruguaitik (14) be heldu dira.

Era berean, zinema produkzino urri eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ezezaguna daben herrialdeen artean, Afganistan (3), Albania (1), Saudi Arabia (1), Bolivia (1), Burkina Fasso (1), Zipre (6), Boli Kosta (1), Irak (13), Jordania (3), Kazakhstan (4), Palestina (5), Kongoko Errepublika (1), Siria (3) edota Vietnam (2) nabarmendu ditu antolakuntzeak. Herrialde eta gune geografiko eta kultural anitzen partaidetza horrek nabarmendu egiten dau, barriro be, zinemaldi beterano honen nazinoarteko izakerea, adierazo dabe. Filmen generoari jagokenez, zinemaldiaren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, 3.142 fikzinozko lanak dira (% 61,76), 1.322 dokumentalak (% 25,99) eta 623 animazinozkoak (% 12,25).


Kartela

Oscar Mariné diseinugile eta ilustratzaileak Zinebi 57rako egin dauen kartelak Michelangelo Antonionik ingelesez filmau zituan hiru lanetako bat aitatzen dau. Dokumentalaren antzeko formatuan abiatzen dan Zabriskie Point (1970) filma da. Estreinau eta urte batzuetara dudarik bako kultuzko film lez katalogau bazan be, lan horrek eztabaida asko sortarazo zituan.

Oscar Mariné diseinugileak, Bruce Davidson argazkilari handiak egindako erreportaje baten irudi esanguratsua aukeratu dau. Davidson New York uriko gizarte taldeen behaketan oinarritu zan, baita zinemagile lez egin zituan hiru dokumental interesgarrietan be.

Zinebi 57ren irudia sortu dauen Davidsonen erreportajearen oinarria, Michelangelo Antonioni Europako zinema modernoak emon dauen zinemagile handienetako batek 1970ean zuzendu eban Zabriskie Point lanaren filmazino lana da. Beste lan batzuen artean, zinemagile horrek gaur egun be eragin handia daben zenbat maisu lan errodau zituan, besteak beste, L'avventura (1959), L'eclipse (1962) eta Identificazione di una donna (1982).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu